Bilboko Zigor arloko bigarren epaitegiak ostegunean artxibatu egin zuen Barrikako EAJko presidentea zen Jon Larrazabal eraikitzailearen eta Alexander Albizu enpresariaren kontrako auzia,
"El Correo Español" egunkariak adierazi duenez. Barrikabasotik gertu, orain urteak egindako isurketak direla eta, delitu ekologikoa leporatzen zien biei Txipio Bai talde ekologistak. Excavaciones Baranda SA, lurrak mugitu zituen enpresaren arduraduna da bigarren inputatua, 2009ko ekainean kasua artxibatzeko eskatu zuena. Aipatu iturrien arabera, ordea, artseniko eta kadmio mailak ohikoak baino altuagoak baieztatu arren, osasunerako kaltegarriak ez direla baieztatu du Sepronak egindako txosten toxikologikoak. Eta horri jarraiki, salaketa bertan behera utzi du akusazioak.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen akusatu bakoitzarentzat; baita 5.400 euroko isuna eta bi urteko inhabilitazioa (euren ogibidean) ere. Txipio Baik, berriz, bost urteko espetxe zigorra, 20.000 euroko isuna, lau urteko inhabilitazioa eta kutsatutako lurrak garbitzea. Argazkian, "mahastiak landatu ahal izateko" lur eremua "egokitzeko" lizentzia eskatu zion Barrikako Udalari Larrazabalek.