Ertzaintzak A.R.H. gizonezkoa atxilotu zuen joan den ostegunean Gorlizen, iruzur egin, agiri pribatua faltsutu eta egoera zibila usurpatzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailaren arabera, aipatu laguna bankuei 600.000 euroko iruzurra egin die Espainia eta nazioarte mailan. Ertzaintzak joan den irailean ekin zien lehen ikerketei. Orduan aurkeztu zuen salaketa herritar batek Sestaoko komisarian, hilabete batzuk lehenago ustez milaka euroko maula egin ziotelako Internet bidez. Hasierako ikerketa ildoei esker jakin zuten gaia iruzur masibo bat izan zitekeela, eta horregatik lantalde bat sortu zuten, Sestaoko ertzain-etxeko ikerketa agenteak gidatutakoa, Delitu Ekonomikoen Unitatearekin lankidetzan. Herrizaingo Sailaren iturrien hitzetan, atxilotutakoak izen ugari erabiltzen zituen, eta enpresa faltsu bateko paymaster gisa (bitartekari nagusia) jokatzen zuen: inbertsio egile handietako bezero eta bitartekariei banku bermeak (banku batek bezero bati eskainitako bermeak dira, bankuaren kredituak bezeroaren kreditua ordezkatzeko transakzio jakin bati dagokionez) alokatu edo erosteko aukera eskaintzen omen zien; horri esker irabazi nabarmenak lortuko zituztela hitz ematen zien.