Kadizko Puerto III espetxean, gradu bat ikasten ari direnek aurretik beste gradu edo karrera bat egina badute, matrikula ordaindu beharko dute. Bestalde, "gutun guztiak (sarrera irteera) 15 egunez erretenituko dizkietela jakinarazi diete", Etxeraten arabera. Puerto III-n daukate Aitor Cotano Sinde gazte algortarra.
Villeman (Asturias), berriz, "Gara" egunkaria jasotzeko arazoak dituzte: "Espetxeak errua egunkariari botatzen dio". Bertan dira Pol Asensio Millan algortarra eta Arkaitz Goikoetxea Basabe getxoztarra.
Azkenik, Saioa Sanchez Iturregi berangoztarra Poitiers Vivonne espetxetik Nantesera eraman dutela jakinarazi du Etxeratek.
"Barrura begiratzeko leihoak" Areetan
Algortako Herrira bilguneak antolatuta, atzo eguerdian ehun lagun inguru elkartu ziren Areetako Andres Isasi musika eskolan, "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala ikusteko. Behin proiekzioa amaituta, gainera, filmaren bost zuzendarietako bat Txaber Larreategiren azalpenak entzuteko aukera izan zuten. Dokumentala egiteko helburuak ez ezik, jasandako oztopoak ere izan zituen aipagai natxituarrak; tartean, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak jarritako salaketa, "pelikula ikusi ere izan gabe". Estreinaldia Bilboko Euskalduna jauregian egin nahi zutela ere komentatu zuen Larreategik: "baina, egun batzuk lehenago deitu ziguten, nortzuk ginen ez zekitela esanez eta ekitaldia ezingo genuela egin". Herrietan dozenaka emanaldi egon edo egongo direla jakinarazi zuen zuzendariak. Hala ere, tamaldu egin zuen zinemaldietan -besteak beste, Donostiakoan- plazaratzeko aukera eman ez izana. Bitartean, Andres Isasi musika eskolan batutako herritarren partetik eskerrak eta txaloak jaso zituen Larreategik.
Etxerat elkarteak plazaratutako azaroko hilabetekaria (pdf)
