2009ko martxoko udal osoko bilkuran adostutakoari jarraiki, "terrorismoaren biktima guztien" oroimenezko urteko ekitaldia egin zuen joan den ostiralean, azaroak 30, Getxoko Udalak. "ETAk Getxo udalerrian egindako atentatuetan edo getxoztarrak izanik herritik kanpo hildako 19 pertsona eta GALek eraildako beste bat —Xabier Galdeano kazetari algortarrari buruz—" oroitzeko ekitaldia zela azaldu zuen Imanol Landa alkate getxoztarrak, "terrorismoaren biktima guzti-guztiak" omentzen ari zirela argumentatzeko. Besteak beste, aipatu zerrendan ez zen agertzen 1969ko Itzubaltzetako jaietan Francoren garaiko Getxoko udaltzain batek tiroz erail zuen Felix Arnaiz Maeso "Lagun" 20 urteko gazte leioaztarra. Ohikoa denez, txistulari batek "Agur Jaunak" jo zuen eta ondoren minutu bateko isilunea egin zen. Ekitaldia osotzeko, udal agintariak San Inazio plazan jarritako eskulturan bertan lore sorta bat utzi zuen. EAJ, PP eta PSE-EEren zinegotziek parte hartu zuten ekitaldian. Bildukoak ez ziren agertu. Argazkian, Landa eskulturan lore sorta uzten / © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!