Sorturen eta Arnaldo Otegiren kontrako pintaketa egin dute Sopelako herriko tabernan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 4a, 13:43

Sopelako Ezker Abertzaleak "tristuraz" hartu du herriko tabernak azken 30 urteotan pintaketa bidez jasandako eraso bakarra. Sopela.net agerkari digitalean plazaratutako agiriaren bidez azaldu dutenez, azaroaren 26tik 27ra bitarteko gauean, "Sortu traidoreak, Arnaldo kanpora" esaldia margotu zuten ezezagunek, ostalaritza establezimenduaren kanpoaldean. "Herrikon pintada egiteko ausardia" izan zutenei "prozesua blokeatzeko Estatua, PP, PSOE eta PNVren ildoa indartzea" egotzi die Sopelako Ezker Abertzaleak. "Helarazi dieten mezua argia da: presoen esparruan pausorik ez eman, errepresioa mantendu, ETArekin ez hitz egin… prozesua blokeatuz helburua lortu dezaketela, Ezker Abertzalearen sektoreren bat ere fase politiko berria leherraraz dezakeelako", salatu du. Bestalde, Ezker Abertzalean "eztabaidatzeko eta erabakitzeko guneak" badirela adierazi dute ezkertiarrek. "Horregatik Sortu erakunde politiko berria egituratzeko prozesua abian jarri dugu. Antolatuta egoteko eta gizartean ekiteko Ezker Abertzaleak bere osotasunean izango duen erakundea Sortu izango da, gazte erakundearekin eta sindikatuarekin batera", gaineratu dutenez. Hori dela eta, "etsai nor den ondo azter dezaten" eskatu diete erasotzaileei. Argazkia: © Sopela.net.

Sopelako Ezker Abertzaleak plazaratutako agiria:

Sopelako Herriko Tabernaren aurka ez da pintadaren bidezko erasorik izan azken 30 urteetan. Hala ere, 26 eta 27 bitarteko gauean, astelehena eta asteartea bitartekoan, Herriko Tabernaren aurreko aldean pintada egin zuten ondorengo testuarekin: “SORTU traidoreak. Arnaldo kanpora”. Ezker Abertzalearen oinarrian tristura sortu zuen ekintza honek, eta disimulurik gabeko barreak egungo gatazka politikoa gainditu nahi ez dutenen artean.

Ezker Abertzalearen erakunde guztiek, guztiek; “Zutik Euskal Herria” eztabaidaren ebazpena onartu zutenean eta fase politiko berri hau abian jarri genuenean, bidea zaila izango zela ohartu ginen: batetik urte askotako inertziak gainditu behar ziren, eta bestetik, jakin bagenekien Estatuak ez zeukala inolako interesik prozesua iraunarazteko.

Hori dela eta, PPk eta PSOEk gatazkaren ondorioak gainditzeko ahaleginak oztopatzen ari dira etengabe: ez dute ETArekin hitz egiten, presoen arloan ez dute aurrerapausorik ematen, kartzela politiko ankerrari eusten diote, Parot Doktrina… Badakite, gai hauetan blokeoa ezartzen badute, ezker abertzaleko sektoreren bat tenkatzen dutela. Sumindu, ernegatu, amorratu nahi gaituzte eta aurreko faseari itzul gaitezen gure Herrian independentiston egitasmoa baztertzeko eta isolatzeko.

Gauzak horrela, 26ko gauean Herrikon pintada egiteko ausardia izan zuenak Estatua, PP, PSOE eta PNVren ildoa prozesua blokeatzeko indartu zuen. Helarazi dien mezua argia da: presoen esparruan pausorik ez eman, errepresioa mantendu, ETArekin ez hitz egin… prozesua blokeatuz helburua lortu dezaketela, Ezker Abertzalearen sektoreren bat ere fase politiko berria leherraraz dezakeelako.

Ezker Abertzalean badugu eztabaidatzeko eta erabakitzeko guneak. Horregatik Sortu erakunde politiko berria egituratzeko prozesua abian jarri dugu. Antolatuta egoteko eta gizartean ekiteko Ezker Abertzaleak bere osotasunean izango duen erakundea Sortu izango da, gazte erakundearekin eta sindikatuarekin batera. Inori ezin zaio eskatu ezertan militatzeko, baina arduraz jokatzea bai eska dakiokeela. Sopelan egindako Sorturen lehen asanbladak arrakasta handia izan zuen. Bigarrena oraindik emankorragoa izan dadin animatzen zaituztegu. Ez dago inor soberan eta guzti-guztiok beharrezkoak gara.

Herriko Tabernaren aurka jokatu dutenei, hausnarketa egin dezaten eta etsai nor den ondo azter dezaten eskatzen diegu. Inolako zalantzarik gabe, errakuntzen eta hutsen gainetik etsaia ez dago Herriko Tabernan, ez dago Sortun, eta ez da Arnaldo Otegi deitzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun