Ildo horretan, “BAGOAZ. Euskal Herriak #independentzia” lemapean independentziaren aldeko eguna eta Martxa Berdea antolatu dugu abenduaren 6an Durangon. Herritar guztiei parte hartzeko deia egiten diegu, denok elkarturik, aniztasunean, asko garela eta euskal estatua sortzeko bidean aurrera egiteko prest gaudela erakusteko. Elkarturik gure sentimendu eta ilusioak konpartitzeko eta independentziaren aldeko auzolan erraldoia martxan jartzeko konpromisoa berresteko.
Liburuaren aurkezpena eta stand-a Azokan
Aipatu dugun moduan, independentziaren gaiak zentralitatea handia hartu du eztabaida politikoan. Aldeko eta aurkako argudioen arteko izugarrizko konfrontazioan sartuta gaude jadanik, eta areagotu egingo da aurrerantzean. Hori aurreikusita, lagun askoren ekarpenak auzolanean landu eta liburu baten laburbildu ditugu independentziaren aldeko arrazoi nagusiak.
“Bagoaz, hamaika arrazoi dauzkagulako” da liburuaren izenburua. Ekarpen ariketa oso aberatsa izan da eta arrazoi asko metatu ditugu eta, ondoren, material guzti hori oinarrizko tresna erabilgarri bilakatzeko, hamaika arrazoi nagusitan bildu eta laburbildu dugu. Liburua ez da independentziari buruzko azterketa sakon eta zabala, alderantziz, hausnarketa eta eztabaida sakonagoak sustatzeko oinarri-oinarrizko materiala da, eta edozein independentistarentzat bere argumentarioa aberasteko eta borroka ideologikorako baliagarria izango dela uste dugu. Hain zuzen ere, herriz herri liburuaren aurkezpenaren aitzakiarekin arrazoiak eztabaidatu eta sakontzea da gure asmoa.
Abenduaren 6an eguerdiko 14:00etan aurkeztuko da liburua Durangoko Azokan bertan, eta salgai egongo da gure standean. Bai, lehen aldiz, gure stand propioa izango dugu Azokan eta bertan, gure liburuaz gain, independentziari, euskal estatuari eta Euskal Herriari buruzko beste zenbait liburu eta material izango ditugu.
Independentziaren aldeko eguna eta Martxa Berdea
Durangoko Azokak duen garrantzia eta esanahia kontutan hartuz, bere filosofia eta ezaugarriekin bat egiten duen ekimena burutu nahi dugu. Kultura, euskara eta sormen munduko pertsonek izango dute protagonismo nagusia, eta euren ekarpenetan oinarrituko da ekimena. Egun osoko egitaraua izango du, Azoka irekitzearekin batera hasiko da, eta etengabe izango dira ikuskizunak eta jarduera parte hartzaileak Azoka ondoko zabalgunean eta herrian zehar.
• 10:30etan txistulariek emango diote hasiera dianekin eta geroago trikitilariak eta albokariak gehituko zaizkie, egun osoan zehar giroa animatzeko.
• 12:00etan joaldunak.
• 14:00etan liburuaren aurkezpena Azokan.
• 15:30etatik aurrera DJ Bull.
• 16:30etatik aurrera Martxan parte hartuko duten kantu talde erraldoiak, elektrotxarangak, batukadak, eta gainetikoek euren saioak eskainiko dituzte.
• 17:00etan Martxa Berdea, Landako gunetik abiatuta. Bertan, aipatutako guztiek hartuko dute parte.
• Amaiera ekitaldian abeslariak, kantu taldeak, bertsolariak, antzezleak, idazleak, dantzariak, eta abar izango dira.
Oraindik, parte hartzeko proposamen berriak jaso ahala, egitaraua osatzen joango gara.
Denok Durangora!
Abenduaren 6an aukera ezin hobea dugu 2012ari, urte hain berezi eta esanguratsuari, erakustaldi independentista eder batekin agur esateko. Guztion artean independentziaren aldekotasuna zabaltzeko eta gure mugimendua berrindartzeko.
Soineko berdeak eta zapi independentistak jarrita etortzeko deia egiten dugu, egun osoan zehar Durango independentzia kolorez janzteko.
Abenduaren 6an, Denok Durangora!
Independentistak Sarea