Aitziber Idigoras Durangoko alkateak ere jendea animatu du Durangora etortzen, azoka bizirik eta prest dagoela, Durango bera bezala, eta bertara etorri eta ijitoen kultura hobeto ezagutzeko aukera izango dutela adierazi du. Josune Ariztondo Kultura foru diputatuak, ostera, Durango Azoka izena eta izana dela, eta euskal idazle sortzaileak ekarri ditu gogora, Lauaxeta besteak beste. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako jarduneko Kultur sailburuak aipatu du euskal kultura sorkuntza gurean bizirik dela, krisi garai hauetan ere, eta ijitoena ere badela euskal kultura, gurearen parte dela. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak ere krisia izan du aipagai, baina garai zail hauetan, auzolanean eta lan gogor eginez, aurrera aterako garela eta horren erakusle dela Durangoko Azoka oparoa.
Azkena berba egiten izan da Manuel Vizcarraga. Haren aita ekarri du gogora euskal ijitoen patriarkak eta irribarrea eragin du batutakoen artean komentarioekin. Ijitoen koloreekin egindako zapiak banatu ditu batutako agintari eta bestelakoen artean Vizacarragak.
Baina, Durangoko Azokako ekitaldiko unerik ederrena, hunkigarriena, politena, amaieran etorri da, hitzak eta musikak bat egin dutenean, gitarra flamenkoak eta bertsolarien berba soinuek bat egin dutenean. Fusio magikoa eskaini digute batutakoen gozamenerako, Arzallus eta Estiballesek bertsotan, eta Jorge Pisa El Boli-k gitarrarekin.
Egunero, 10:30etik 20:00etara
Lau egunez, 10:30etatik 20:00era bitartean izango da zabalik Azoka, Landako gunean, baina hainbat ekitaldi antolatu dira gauez ere.
253 erakusmahai, 400 nobedade pasatxo eta 300 ekitalditik gora izango dira aurten, eta horiek guztiak hartzeko, zazpi gune: Areto Nagusia, Saguganbara, Ahotsenea, Plateruena, Irudienea, K@bia eta Szenatokia. Bereziki azken hiru horiek, iaz zabaldutakoak, nabarmendu dituzte antolatzaileek, horiek indartzeko eta egonkortzeko sekulako ahalegina egin dutela esanez.
Saguganbara, bere aldetik, Haur Literatura Aretoa moduan ezagutzen zen orain arte, baina izen berritu eta egokiago batekin dator aurten, haurrentzako ez ezik gurasoentzako ere badelako eta ez delako literaturara mugatzen.
Kultura Ijitoa izango da aurtengo kultura gonbidatua. Izan ere, 600 urte inguru dira bizikide dugula euskal lurraldean –1435ean iritsi ziren hona–, baina hala ere, kultura ikusezin bezain urrunekoa da gutako hainbatentzat.
Benito Lertxundik jasotzear du aurtengo Argizaiola saria. Lerro hauek idaztean hastekoa baita ekitaldia Szenatokian, San Agustinen. Jon Maiak zuzendu eta gidatuko du ekitaldia.
Goizeko 10:30ean zabaldu ditu ateak