Herri Norte Taldeak antolatuta, Euskal Herria-Galiza elkartasun jardunaldiak abiatu dira gaur iluntzean. Gaur eta Urte Berria bitartean, Bilbon eta Itzubaltzeta / Romon egitekoak diren topaketen xedea "Galiziak bizi duen errepresioaren aurrean gure solidaritatea eta erabateko babesa erakustea" da, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Batez ere, hamabi preso politiko galiziarrek egun pairatzen duten egoera nabarmendu dute. Hori dela eta, jardunaldietan aterako den etekin guztia Ceivar errepresioaren aurkako taldeari emango diote. Aipatu erakundeak "Galiziaren askatasun nazionala eta soziala" du helburu eta errepresaliatuekin batera lanean dihardu, HNTk zabaldu duenez. Horretaz gain, Euskal Herri subirano baten eraikuntzan diharduten erakunde guztiek Galiziak bizi duen errepresio egoera ezagutu dezaten nahi du Athleticeko jarraitzaileen taldeak. Ekimena gaur hasiko da Bilboko San Mames futbol zelaian, ekintza antifaxista bat dela medio. Bihar, ostirala, berriz, Burtsa hiri-zentroak Ceivarren hitzaldia hartuko du 19:30ean. Galiziako mugimendu independentistaren aurkako errepresioa izango dute gaia. Larunbatean, Itzubaltzeta / Romora lekuz aldatuko dira jardunaldiak. Bertako gaztetxean parrillada eta kontzertuak izango dira 19:00etatik aurrera. Ultima Neurona leioaztarrek Vigoko Disturbio 77 eta Su Ta Garren bertsioak egiten dituen Su Ta Ke taldeekin joko dute. Sarrera bost eurotan hartu ahal izango da, gaztetxeko atean bertan. Igandean, ordea, Bilbon izango dira jarduerak. Azken ekimena Itzubaltzetan egingo da berriro ere, Gabon Zaharraren ostean goizeko 6etatik aurrera emango duten festa, alegia. Argazkian, Vigon egindako atxiloketen aurka pasa den irailaren 29an egindako manifestazioa / cc-by-nc-sa
Galiza Contrainfo.