Azaroaren 10eko Baionako manifestazioan preso eta iheslari politikoen aldeko borrokan "urrats kualitatiboa eta kuantitatiboa" izan zela nabarmendu zuen Herrirak. Indar hori Bilboko manifestazioari begira jartzea da orain xedea. Urtarrilaren 12an "lurrikara txiki bat" eragin nahi duela jakinarazi du Herrirak. "Inori kalterik egin nahi ez dion lurrikara" izan nahi du, baina "batzuen" kontzientziak astinduko dituen mugimendu sakona. Funtsean, Herrirak espero du gatazka politikoaren konponbiderako
"mugarri" izatea.
"Bakeari bizkarra emanez jarraitzea eta oinarrizko giza eskubideen ukazioan tematzea gero eta ulertezinagoa" dela dio Herrirak, eta baieztatu du "eskubide urraketa horren gaitzespena gizartean nagusi" dela. Urtarrilaren 12ko manifestazioak sostengu ugari jaso ditu dagoeneko, eta indartuz joanen da ordura arte. 17:30ean abiatuko da Casillatik, “Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” lelopean.