Espainiari planto eginez herri eskolak egin dituzte Aixerrotan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 7a, 03:03

"Jaiegun arrotzei ez, espainiar Konstituzioari planto. Burujabetza!" lelopean, atzo, abenduaren 6ko Espainiako Konstituzio Egunean, herri eskola egin zuten Getxoko Aixerrota institutuan. Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak deituta, guztira 20 herri eskolak eta hainbat mobilizazio izan ziren atzo Euskal Herrian, tartean Aixerrota ikastetxean burututakoak. Ikasle erakundeak gogoratu duenez, orain 34 urte Hego Euskal Herrian gutxiengoa izan zen Espainiako Konstituzioak jaso zuen sostengua, baina halere "euskal ikasleok inposizio hau bete betean pairatu dugu". Azken adibidetzat Wert Ministroak aurkeztutako LOMCE legea izan dute aipagai. Horren ordez, ikasleak Hezkuntza Sistema Nazional eraikitzera deitu dituzte. Argazkian, abenduaren 6ko batean Aixerrotan egindako herri eskola artxiboko irudian.

IAren oharra

Gurea ez den konstituzio ukatzailearen jai egunean, hezkuntzatik Euskal Herria eraikiko dugu ikasleok

• 20 herri eskolatik gora antolatu ditu Ikasle Abertzaleak antolakundeak.

• Erasoei elkarlanean erantzun eta planto egin beharra dugu.

• Gure izena eta izana ukatzen duen konstituzio inposatuaren aurrean, burujabetza aldarrikatu dugu.

Euskal ikasleok ez dugu ezer ospatzeko. Gaurko egunez normaltasun osoz joan gara klasera eta gure jarduna egunero legez egin dugu. Orotara, 20 herritan baino gehiagotan burutu ditugu Herri Eskolak edota mobilizazioak. Beste hainbatetan, normaltasun osoz modu "ofizialean" ireki dira heziguneak.

Orain 34 urte Euskal Herriak ezezkoa eman zion Espainiar Konstituzioari. 34 urte hauetan indarrez inposatu zaigu gure izena eta izana ukatzen digun konstituzioa. Euskal ikasleok inposizio hau bete betean pairatu dugu. Curriculum arrotza, selektibitatea, euskararen kontrako erasoak, eta aste honetan bertan Wert Ministroak aurkeztutako LOMCE legea.

Berriz ere, PPren gobernuak, inposizio osoz, frankismo garaiko hezkuntza erreforma bat inposatu nahi dio herri honi. Argia izan da, baina, altxatu den kontrako iritzi zabala. Ez dugu Espainiar Konstituzioa onartzen, ezta LOMCE ere!
Gainera, Konstituzio espainiarrak Euskal Herriaren eskubideak bete betean urratzen ditu. Agerikoa da hezkuntzan erabakitzeko eskubiderik ez dugula. Orain, inoiz baino gehiago, argi dugu egungo marko juridiko-instituzionala agortua dagoela, gainditu behar dugula eta Hezkuntza Sistema Nazional bat ahalbidetuko duen normalizazio egoerara jauzi egin behar dugula.

Beraz, herri bezala pentsatu, hezi eta jardun behar dugu. Hezkuntzan ere dagokigun erabakitzeko eskubidea aldarrikatu beharra dugu: burujabetza. Honela soilik izanen dugu gure egutegi propioa gauzatu edota Hezkuntza Sistema Nazional bat egikaritzeko aukera. Inposatutako marko eta konstituzioari planto!

Dei egin nahi diogu euskal ikasleriari, hezkuntza komunitateari eta jendarteari orokorrean, egunez egun inposaketei aurre eginez Euskal Herria eraikitzera. Honi jarraiki, Independentistak Sareak antolatutako mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu. Ikasleok, Euskal Herria hezkuntzatik eraikitzen jarraituko dugu!

Herri eskolak eta mobilizazioak

Gasteiz, Aiaraldea, Leintz, Zumaia, Oarsoaldea, Buruntzaldea, Donostia, Tolosaldea, Galdakao, Basauri, Bilbo, Igorre, Aixerrota, Biurdana, Mendillorri, Eunate, Askatasuna, Altsasu, Lizarra, Leitza eta Iruñea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun