EAJtik hurbil dagoen Noticias talde komunikatiboak gogor egin zuen lehiaketaren aurka, nabarmenduz hainbat lizentzia aurten sortutako enpresa batzuei emango zitzaiela. Eusko Jaurlaritzako iturriek babestu dute proposatutako banaketa, guztiak pozteko modurik ez dagoela esanez eta orain kexu diren talde batzuek baldintzak ez zituztela bete argituz. Hori da, besteak beste, Cope irratia eta Onda Vascaren kasua. Lehenengoak epez kanpo aurkeztu zituen proiektu guztiak. Bigarrenak forma akatsak izan zituen hainbat proiektutan. Bestalde, azken asteotan Vocento eta Coperen artean izandako hitzarmenak hankaz gora jarri du EAEko irratigintza sektorea.
Urtebeteko lana kolokan
Uribe Kosta eta Erandioko euskalgintza eta kulturgintzaren hamalau elkartek indarrak batu zituzten 2011ko irailaren 22tik aurrera, Justuri (tximista, bertoko euskaraz) irrati euskalduna sortzeko. Irrati hori lortzeko, auzolanean murgildu eta bazkidetza kanpainari ekin zioten. Izan ere, "Uribe Kosta eta Erandioko elkarte kolektibo eta pertsona guztiek ateak irekita izango dituzte proiektuan parte hartzeko", Amaia Arriaga ekimeneko bozeramaileek iazko abenduaren 1ean proiektuaren aurkezpenean adierazi zuenez. Egitasmo berriari bere ondare guztia eman zion Koska irratiak.
Ekimeneko antolatzaileek zabaldu dutenez, irratia multimedia, parte-hartzailea, euskaldun eta tokikoa izango da, komunitateari zerbitzu publikoa eman eta Euskal Herriko beste irratirekin elkarlanean arituko dena. Oraingoz honako eragileek osatu dute talde sustatzailea: AEK, Aitxu! Sopelako euskara elkartea, Algortako Bertsolari Eskola, Berbalamiñe Leioako euskara elkartea, Betiko ikastola, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Erandion Euskaraz Berbots!, Jose Antonio Agirre euskaltegia, Koska irratia, "UK" aldizkaria, Ukberri.net, Plaza Beltza kulturgunea, eta Aztibegia eta Talaieta irratizaleon elkarteak.
Pasa den apirilaren 11n, Uribe Kostan FM lizentzia bat izateko eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari Justuri irrati euskaldunak. Kultura Sailak zabaldutako lehiaketarako dokumentazio guztia Areetako postetxean aurkeztu zuen egun hartan euskalgintzako egitasmoak. Hamalau elkartek sortutako ekimenak Eusko Jaurlaritzak Uribe Kostako euskaldunei lau lizentzietatik bakarra gordetzea salatuta zuen aurreko egunean, Arrosa Sareko beste irrati batzuekin batera, baina eskualdean diren ia 100.000 euskaldun aktibo zein pasiborentzat kalitatezko irratia sortzeko asmoz, gustuko ez zuen lehiaketan sartu zen. Printzipioz, lehiaketaren emaitzak urriaren 11 baino lehen ematea aurreikusita zeukan Jaurlaritzak, baina iraila erdian, epai-mahaiari erabakitzeko beste sei hilabete ematea onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Pasa den ekainean, Justuriren txostenak eta beste hamaikak lehiaketan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen zituztela jakin zen.
Pasa den urriaren 9an, berriz, Uribe Kosta eta Erandioko euskalgintzak sustatutako Justuri irrati egitasmoari FMko 101.1 irrati frekuentzia ematea proposatuko zuela jakinarazi zuen EAEko irrati lizentzien deialdia epaitu duen mahaiak. Jaurlaritzako Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak eskualdeko irratiari jakinarazi zionez, Justurik aurkeztutako proiektu komunitario, multimedia, euskaldun eta copyleft lehenestea eta eskualdean jokoan zeuden lau lizentzietatik bat egokitzea erabaki zuten. Halere, horrek ez zuen esan nahi tokiko euskalgintzak jada dialean lekua lortua zuenik. Mahai-kideek, deialdiko oinarrietan aurreikusi bezala, hamabost egun eman zizkioten Justuriri hainbat agiri aurkezteko. Horiek era egokian betez gero, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluari eskatuko liokete uribekostarrei 15 urteko lizentzia ematea. Epea agortu aurretik eskualdeko irratiak dokumentazio guztia aurkeztu zuen. Hilabete bat beranduago Lakuako funtzionarioekin jarri ziren harremanetan, eta horiek nobedaderik ez zegoela adierazi zieten. Asteartero, Gobernu Kontseiluak erabakitako gaien zain izan dira.