Okupazio Astea abian da Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 10a, 23:19

"Algortako okupazio mugimenduaren ibilbidea" izenburuko argazki-erakusketarekin abiatu dute gaur Okupazio Astea Algortan. Irudiak Abian kultur elkartearen egoitzan egongo dira ikusgai, Bidebarri kaleko 2. zenbakian. Larunbatera bitartean, hainbat ekitaldi antolatu ditu Algortako Gazte Asanbladak (AGA). Bihar, asteartea, asanblada egingo dute Telletxe plazan, 19:30ean. Asteazkenean, berriz, argazki-erakusketa paratuko dute bertan. Ostegunera helduta, Tximeletak bideo emanaldia izango da, 19:30etik aurrera, Getxoko Txorimalo gaztetxean. Ostiralean, triki-poteoa egingo dute, 20:30ean Telletxetik abiatuta. Azkenik, larunbatean, hilak 15, izango da Okupazio Eguna Txorimalon; kolektibo desberdinen muralak (10:00etatik aurrera), herri bazkaria (14:30), argazki erraldoia eta kontzertuak (20:30) egongo direla. Argazkian, Txorimalo gaztetxearen laugarren urteurrenean Telletxen jarritako haurrentzako jolasak.

Herri bazkarirako txartelak 3 eurotan salgai egongo dira. Hala ere, bikoteek 5 eurotan eskuratu ahal izango dute bientzako bonoa. Kontzertuetarako sarrerak ere 3 eurotan izango dira. Bitartean, AGAk adierazi duenez, edonor igo daiteke gaztetxera horma-irudiak egiten laguntzera.

Bestalde, egunotan herritarren iritzia, kezkak, proposamenak... biltzen ibili da Algortako Gazte Asanblada. Panel handi batzuk jarri dituzte herrian zehar (Kasino plazan, Telletxen, Eztabaida Gunean eta Tellagorrin), Algortan okupazio mugimendua nolakoa izan den eta AGAk zer egiten duen eta nortzuk diren azalduz. Azalpenen atzean, berriz, orri zuri bat proposamenak, iritziak, kezkak, eta abar idazteko.

Panelen idatzia:

Algorta herria elkarlanean eraikiz

Urteak dira herriko gazteriak gaztetxearen beharra ikusi eta okupatzeko hautua hartu zuela. Sastrakatik hasi, Kutxitril, Burdinola ezagutu, Maidagan,Mentxakabarritik bidea egin, kultur etxea, Aixerrotatik pasatu eta Txorimalo arte.

Gazteria anitza bildu izan dute Algortako gaztetxeek, gustu ezberdinetako jendea, iniziatiba eta ideia ezberdinetarako topalekua izan dira.

Okupazio eta autogestioaren bidean, gazteria kritiko eta eraikitzailez osatutako elkargunea izan da, gaztetxea herriko eragile eta norbanakoren elkargune eta ideien sormenaren jatorri gisa ulertuz.

Gaur txorimalo dugu, gure amets eta ideien sorlekua, herriak dituen gabeziak eta behar dugun herri ereduaren aldeko alternatibak landu eta isladatzeko lanean dabilen txokoa.

Zer da gazte asanblada?

Algortako Gazte Asanblada, herri dinamiketan parte hartzen duen gazte ezberdinez osatutako asanblada irekia da, pentsamendu kritiko oro barnebilduz, herritik eta herriarentzat lanean diharduena.

Herri mugimenduan, ikasle zein gazte mugimenduan, borroka feministan, askatzaile eta ekologikoan lan egiten dugunak gara asanblada.

Txorimalo gaztetxea, gazteok Algortan ase ezin ditugun beharrei erantzuteko espazio erabilgarri gisa ulertzen dugu, eta honen kudeaketaz arduratzen gara, gazteok herri honetan badugulako zer erabaki.

Beraz badakizu, zuk ere baduzu tokia algortako gazte asanbladan edozein ekimen, kezka, edo sentsazio adierazteko!

Algortako Gazte Asanblada
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun