Fiskalak ez du Itzubaltzetako auziperatuen aurkako frogarik aurkeztu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 11a, 00:00

Josu Iturburu Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteko presidente eta Jagoba Agirre herri bereko jai batzordeko presidente ohiaren aurkako epaiketa burutu da gaur goizean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Aretoko Penaleko Bigarren Atalean egindako bistan, fiskala ez da gauza izan bi auziperatuei leporatzen zien terrorismoaren goratze delitua ez zituen frogetan oinarritzeko. Izan ere, Kepa Landa eta Jone Goirizelaia hurrenez hurren jai batzordearen eta Brankaren abokatuek azaldu dutenez, Agirre eta Iturburu beren elkarteko presidenteak izan zirela besterik ez du argi utzi fiskalak. Haien ustez, ez du frogatu jai-liburuxkan argitaratutako bi euskal presoren argazkiak argitaratzeko erabakia nork hartu zuen, ezta erabaki horren atzetik zegoen motibazioa horiek goratzea zenik ere. Horregatik biek absoluzioa eskatu dute. Halere, fiskalak eutsi dio bere iritziari eta ez du akusazioa bertan behera laga, Iturburu eta Agirreren aurkako 18 hileko zigor eskaera mantendu duela. Epaia hilabete baten epean espero dute. Argazkian, atzo, igandean, 200 auzokide baino gehiago kaleratu ziren Agirre eta Iturbururi bere elkartasuna adierazteko.

Lekuko bakarra izan du Fiskaltzak, ikerketa eta atestatua egin zituen ertzaina. Polizia bilordea eta bekain faltsuez apainduta azaldu eta abokatuek eta auziperatuek baino ezin izan dute ikusi. 2011ko abuztuaren 3an Getxoko PPk Itzubaltzeta / Romoko jaien liburuxkan "terrorismoa" zegoela salatu zuela aipatu gabe, ertzainak "auzoko taberna guztietan liburuxka banatzen" zela azaldu du eta bertan, besteak beste, Branka kultur elkarteak sinatutako iragarki bat ageri zela. Aipatu publizitatean, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" ETAren Lanbroa komandoan aritzeagatik preso dagoena eta Imanol Beristain Segiko uztezko kidea zelakoan preso prebentibo sartu zutena agertzen ziren. Gainera, kontrazalaren barneko aldean, Itzubaltzetako Txosna Batzordearen orrialdean, presoen aldeko hainbat ekimen iragartzen zirela. Berak azaldutakoaren arabera, txosnak jai batzordeak kudeatzen ditu eta bere menpe daude. Horrek bidea eman dio fiskalari bi iragarkiak elkar lotzeko eta jai batzordeak eta Brankak ETA eta Segi "talde terroristak omentzeko asmoz" jardun zutela esateko.

Fiskalak sumarioa irakurri ez

Halere, Getxoko Udaleko kultur teknikari batek argitu duenez, Getxoko Udalak txosna zuten elkarteei txosna batzordea osatzen behartu zien eta beraz, hori da txosna batzordea eta ez du jai batzordearekin loturarik. Udalaren bi dekretuak sumarioan zeuden baina, antza, fiskalak ez zituen irakurri. Jai batzordearekin jarraituz, Jagoba Agirre presidentea izateagatik erabakiak hartu behar zituela iritzi dio fiskalak eta arrazonamendu horri jarraiki Brankaren iragarkia onartzea berari leporatu dio. Kontrakoa esan dio Kepa Juaristi jai batzordeko kideak. Jagoba Agirrek lehen azaldu bezala, jai batzordea era asanblearioan jarduten duela erran du Juaristik, presidentea Udalekiko hitzarmenak sinatzeko baino ez dagoela argi esanez. Hortaz, jai batzordeko 15 kidek hartu zuten erabakia sumarioan jada ageri zenez, baina erabaki horri garrantziarik eman gabe, inolako terrorismo goratzeren zantzurik ez zutela ikusi. Zehazki, argazkikoak Segi eta ETAko kideak zirela ez zekien Agirrek, berak azaldu duenez.

Fisikoki, Agirrek jai-liburuxka egin zuela ere saiatu da azaltzen fiskala baina heldulekurik ez du izan horretan ere. Kepa Landa abokatuak argitu dionez, inprimategiko faktura sumarioan dago eta, bertan, fotokonposizio lanak ere barne hartuta daude. Beraz, jai batzordeko kideek ez zuten lan hori egin, frogek azaltzen dutenez.

Brankan, "esku beltza"

Branka kultur elkartean ere arduradunen bat topatzen ahalegindu da fiskala. Josu Iturburu baino ez du jomugan izan Ministerio Fiskalak. Baina, Iturburu ez zen sumarioaren hasieran ez akusatua eta ezta lekukoa ere. 2012ko martxora arte ez zuen Eloy Velasco epaile instruktoreak deitu, eta gainera ez zion zehaztu inputatuta zegoen ala ez. Babesgabetasun juridiko horretan, Iturburuk uko egin zion deklaratzeari eta gaur izan du hurrengo agerpena. Bitartean, ez Velascok eta ezta fiskaltzak ere ez diote inolako dokumentazio edo lekukotasun errekerimendurik egin Brankari.

Gaur, Goirizelaiak galdetuta azaldu du Iturburu zelan ekin zion elkarteak 2011ko jaiei. Maiatza aldera, ez ohiko batzar bat antolatu zuten gaia eztabaidatzeko. Bertan, 15 bat kidek jai batzordeari festak egiteko ekarpena ematea erabaki zuten, jai-liburuxkan iragarkiren bat jarriko zutela. Era berean, hainbat kultur ekitaldi egitea deliberatu zuten eta bi gaiak aurrera eramateko, batzorde bat antolatzea erabaki zuten. Batzorde horretarako deialdiak elkarteko panelean iragarri ziren eta kideek ez zioten Iturbururi egindakoaren berri eman. Berak ez zuen batzordean parte hartu. Jai-liburuxkako iragarkia argitaratu ostean ikusi zuela esan du gaur. Fiskala ez da konforme lotu esandakoarekin eta Ekaitz Sesumaga idazkariari galdetu dio berriro ere batzorde horren gainean. Sesumagak adierazi dionez, gaur ezin zion esan nortzuk hartu zuten parte. Izan ere, dokumentazio hori ez zioten ekartzea eskatu.

Horren aurrean, Iturburu aske uzteko estrategia batez mintzatu da fiskala eta horretarako "inori kontuak ematen ez zion esku beltz batek kontrolatutako batzorde" bat asmatu izana leporatu die Brankako kideei. Goirizelaiak, baina, nabarmen utzi du defentsak aurkeztu zituen Branka kultur elkarteko estatutuak fiskalak ez dituela irakurri. Horrezkero, elkarteko presidentearen eskuduntzak laburrean lotu eta zeregin zehatzetarako batzordeak antolatzea eskatzen dute elkarteko agiriek. "Estatutuak ez betetzea elkartetik kanporatua izateko arrazoia" dela gogoratu du era berean abokatuak. Bere ustez, batzorde bat deitu nahi soilik ez, zuzendaritza batzordea "behartuta" zegoen lan taldea osatzen. Gainera, jarraitu duenez, izenak ez emateko jarrera ez dute izan Brankako kideek, baina aurretik eskatu ez zaien dokumentazio bat ez aurkezteagatik kexatzea bidezkoa ez dela azaldu du.

"Terrorismoaren goratzea"

Defentsako abokatuek gogoratu dutenez Auzitegi Gorenak 2009an eta 2010ean sinatutako hainbat epaien bidez, zenbait muga behar dira terrorismoaren goratze delitua izateko. Besteak beste, ekimen aktiboa izan behar da eta figura penal horretan ezin da sartu omisiozko gertaera baten emaitza dena. Landaren ustez, delitua egotekotan, jai batzordeko kideek ez zuten aktiboki inolako ekintza egin hori bultzatzeko eta, beraz, haiekin ez lirateke erantzuleak izango.

Abokatuek azpimarratu duten beste kontu bat "terrorismoa goratzeko asmoaren zantzuak" ez izatea da. Iragarkian ez dago testurik asmo apologetikoaren seinale ematen duenik. "Oihukatu batera: Erromo aurrera!" da programazioaz gain ageri den testu bakarra, jaiei lotuta ematen duena. Bestalde, bertan azaltzen den euskal presoak Euskal Herrirako ikurrak espetxe arloko eskaerak jartzen ditu aipagai. Era berean, irudian azaltzen diren ukabilak eta buruen gainean presoen argazkiak egoteagatik fiskalak topatu duen "goratzeko asmo garbia" ez du ikusi Goirizelaiak, fiskalak bere iritzia eman bai baina hori berretsiko lukeen semiotikan aditurik ez baitu deitu konklusio horretara heltzeko. Azkenik, Brankako kideek behin eta berriro azaldu dute presoak auzoan pertsona ezagunak, elkarteko bazkideak eta sozietatean lan ekarpen handia egin dutela. Bere garaian, Brankak "falta diren bazkideak omentzea" erabaki zuen eta hori presoei ere aplikagarria dela defendatu du Goirizelaiak.

Urte bat, lau hilabete eta zazpi egun kolokan

2011ko abuztuaren 3an Getxoko PPk salatu zuen Itzubaltzeta / Romoko jaien liburuxkan "terrorismoaren goratze" delitua egin zela, bertako iragarki batean bi auzokide preso ageri zirelako. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Aretoko epaileak Jagoba Agirre Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordeko presidentea eta Josu Iturburu Branka elkarteko presidentea galdekatu zituen urtarrila eta apirilean. Halere, epailea eta fiskala bat etorri ziren PPk sustatutako ildoarekin.

Jai batzordeak berak jakinarazi zuenez, iazko jaietako liburuxkan argitaratutako bi iragarkitan "'terrorismoaren goratze' ustezko delituren bat egon zitekeela uste zuen magistratuak". Lehenengo iragarkian, Branka kultur elkartekoan, bi auzokide preso ageri ziren: Imanol Beristain, Segi gazte erakunde ilegalizatuko kide izatea leporatuta 2010eko urriaren 22an atxilotu zutena eta egun preso prebentibo gisa epaiketaren zain dagoena eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko kazetari, idazle eta presoa, Euskal Herritik urrun 15 urte baino gehiago eman dituena eta ama oso gaixorik duena. Biak ala biak "preso etarrak" ziren epailearentzat. Bigarrenean, herriko txosna batzordekoan, epaileak ez zuen zehaztu zein izan zitekeen usteko legez kanpoko elementua. Bertan, "Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopeko bandera bat ikus daiteke. Gainera, horren egiletza jai batzordeari egozten zioten, nahiz eta talde horrek ukatu zuen. Auziaren aurrean, herriko koadrila, dendari, ostalari eta auzokide guztiak deitu zituzten mobilizazioetan parte hartzera.

Sumarioan agertzen den jai liburuxka Ertzaintzak bildu zuen eta Leioa eta Getxoko udalei jai batzordea eta bere ordezkaritzari buruzko datuak eskatu zizkieten. Kasualitatez edo ez, Ertzaintzak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak darabilten iragarkiak Getxoko PPk iazko abuztuaren 3an prentsaren bidez lau haizeetara zabaldutako berberak dira.

Bestalde, antzeko kontua pairatzen ari dira Erandioko Altzaga auzoko Sanagustinetako jai batzordea.

Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordearen ustez, "gertatutakoak kolokan jar ditzake herriko jaiak eta orain arte herri honetan suspertu dugun jai herrikoien eredua. Izan ere, ahalegin bereziak egin beharko ditugu Inauteriak, Koadrila Eguna, abuztuko herriko jaiak edo Olentzero aurrera eramateko", aldi berean akusazioei aurre egin behar badiete. Gainera, "auziak jai batzordean ohi ditugun parte-hartzea eta pluraltasuna kaltetu ditzakeelakoan gaude", dio jai batzordeak.

Bestalde, "gure herriko denda, taberna eta eragileen adierazpen askatasunaren aurkako eraso garbia dela" uste dute. Izan ere, UKBERRI.NETi adierazi diotenez, "jai batzordeak inoiz ez dio inori esan zer jarri zezakeen eta zer ez jaiei egindako ekarpenaren truke emandako espazioan".

Velascok ikertu dituen eta 2011ko abuztuaren 3an Getxoko PPk salatu zituen jai-liburuxkako orriak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun