Abra kanpoaldeko harea erauzketaren aurka eta "beharrezkoak ez diren" Getxoko Kirol Portuko bidaiarien itsasontzien kaia handitzeko lanak geldiaraztea eskatzeko, igande honetan, abenduak 16, Bilboko Portu Agintaritzaren egoitzaren aurrean (Campo Volantín pasealekua) kontzentrazioa egingo du Abra Bizirik plataformak, 13:00etan. Bertara iristeko, itsasadarrean gora itsasontziz joateko aukera izango dute 80 lagunek: 11:30ean Algortako Arriluze kaitik abiatu eta 11:45ean Portugaleten ere hartuko dute jendea. Bilboko Uribitarte kaira 12:30ean heltzea espero dute. Horrenbestez, itsasontziz joan nahi duenak ondoko helbide elektronikoan izena eman beharko du: abrabizirik[abildua]gmail.com. Abra Bizirik Getxoko plataformak salatu duenez, bidaiarien ontzien kaiaren handitze lanak hastearekin batera, "Bilboko Portu Agintaritzak Punta Luzero inguruko 50 milioi metro kuboko harea eta itsas hondoko materialen erauzte proiektuaren beteketa lanen agenda ireki berri du". Argazkian, Abrako hondar erauzketa bertan behera uztea eskatu zuten Arriluzen maiatzaren 13an.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!