Hiru lagun zigortu dituzte Erandioko gizon bat erailtzea leporatuta

Erandioko 64 urteko Ignacio Pascual Hernandezen erailketan parte hartzea egotzita epaitutako hiru lagunak errudun jo ditu Gipuzkoako Auzitegiak, EFE albiste agentziak zabaldu duenez. Epaileak hilketa eta osasun publikoaren aurkako delituak egotzi dizkio Felipe R.A. gizonari, eta 22 urteko kartzela-zigorra eta 31.888 euroko kalte-ordaina ezarri dizkio. Oscar D.C. akusatuari hilketa egotzi dio epaileak, eta 16 urteko kartzela zigorra ezarri dio. Azkenik, Juan Carlos F.D.-ri 15 urteko kartzela zigorra ezarri dio hilketa gauzatzen laguntzeagatik. Bestalde, hiru auzipetuek 65.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote hildakoaren alabari. Epaiaren arabera, 2009ko ekainaren 12an gertatu zen hilketa. Auzipetuek droga hornidurarekin zerikusia zuen negozio bat egiteko asmoa zutela sinestarazi zioten hildakoari, eta Elgoibarko enpresa batera eraman zuten. Akusatuek hil arte kolpatu zuten gizona, eta altzoan zeraman dirua ere kendu zioten. Iluntzean, gorpua furgoneta batean sartu eta Azkarate gaineko Bide Gorri leizera bota zuten, Azkoitian, Madarixa eremutik gertu. Argazkia: © Herrizaingo Saila.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun