Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladaren oharra:
Haitzama musika taldeko Miguel Maria (Mikel) Leibarrek, Itzubaltzetako emakumeon asanbladako kideen aurka salaketa jarri du eta kideok epaiketaren zain daude.
Mikelek, injuriak eta kalumniak leporatzen dizkie eraso sexista baten salaketa publikoa egiteagatik. Mikel, 2012ko ekainean bere bikotekide ohia jipoitu izanagatik salatua izan zen.
Ez dugu eraso sexistarik ezta mugimendu feministaren aurkako erasorik onartuko. Kokoteraino gaude gure ekintzak justifikatu behar izateaz, eraso sexistak salatzea denon ardura da eta ez dago eskubiderik horregatik kriminalizatuak izateko.
Orain, inoiz baino gehiago, eraso sexisten aurrean gure higuina adierazi nahi dugu, IEAri (Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladari) gure babesa eskainiz eta mugimendu feministarekin bat eginez.
Eraso honen aurrean, burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu:
• Abenduaren 12an arratsaldeko 7etan, Itzubaltzeta / Romon, Santa Eugenia plazatik abiatuko den manifestazioa.
• Abenduaren 13an eguerdiko 12etan Getxoko epaitegien aurrean kontzentrazioa epaiketak irauten duen bitartean.
Gora mugimendu feminista!
Ostegun honetan, abenduak 13, Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladako bi emakumek hutsegite-epaiketa izango dute Neguriko epaitegian, Algortako bere neskalagun ohia jipoitzeagatik salatutako gizon bati Getxon jendaurreko elkarretaratze baten bidez seinalatzeagatik. Irainak eta kalumniak leporatzen dizkiete IEAko kideei, gizonak gertaerak ukatu, elkarretaratzekoak salatu, bikotekide ohiaren aurkako beste salaketa bat jarri eta biek umeen gaineko akordio batean kereilak bertan behera utzi ostean. Bihar, asteazkena, IEAk auziperatzea salatuko du herrian, beste manifestazio baten bidez. Hitzordua 19:00etan izango da Santa Eugenia plazan. Taldekideek nabarmendu dutenez, "eraso sexistak salatzea denon ardura da eta ez dago eskubiderik horregatik kriminalizatuak izateko". Argazkian, pasa den ekainaren 23an Malakaten egindako elkarretaratzea.