Getxoko Udalaren Lorezaintza Zerbitzuak hiru makal landatuko ditu Gaztelumendiko berdegunean, Algortan. "Ekintza bandaliko baten eraginez kalteak izan eta duela gutxi kendu behar izan dituzten eite handiko hiru xarma aleren ordez ipiniko dituzte", azaldu dute tokiko iturriek. Arbola berriak hile honen hondarretan edo datorren urteko hasieran landatuko dituzte. Udal Lorezaintza Zerbitzuko langileek, aipatu inguruan zeuden eite handiko hiru xarma arbolen enborretan ebakiak aurkitu zituzten. "Ebakiek enbor osoa hartzen ez bazuten ere, arbolak apurtzeko arrisku handia zeukaten, eta horregatik haiek ebakitzeko erabakia hartu zuten, ingurutik zebiltzanen eta bertako bizilagunen segurtasuna bermatze aldera", udal arduradunek azaldu dutenez. Hain zuzen ere, gertakari horien harira, Getxoko Udaltzaingoak, Azpiegitura Arloak hala eskatuta, ikerketa zabaldu du Gaztelumendiko hiru arbola horietan kalteak nork egin dituen jakiteko. Oraindik ez da ezagutzen nor edo nortzuk diren "ekintza basati" horren egileak. Argazkian, kaltetutako zuhaitzetako bat / © Getxoko Udala.