“A ze bikotea, pintxoa eta potea!” lelopean, GetxOnegin, IV.Pintxo Lehiaketa izango da asteburu honetan, abenduak 15 eta 16,
Getxoko Udalak antolatutako Euskal Kulturaren XIV. Jardunaldien barruan. Udalerri osoko 44 establezimenduk parte hartuko dute (iaz baino hiru gehiagok) "ostalari eta bezeroen arteko harremanak euskaraz izatea sustatu nahi duen, hau da, ostalaritza eta euskara uztartu nahi duen lehiaketan". Aldi berean, "ostalariek euskara kalitate gehigarritzat hartzea lortu nahi da", udal iturriek gaineratu dutenez. Horrela, asteburuan zehar, parte hartzen duten tabernek euro batean salduko dute prestatutako pintxoa eta, aldi berean, publikoa botoa ematerakoan, euskarazko hitz ederren lehiaketan parte hartzera animatuko dute ere bai. Aurten gainera, lehenengo aldiz, botoak eta hitz ederrak SMS bidez ere eman ahal izango dira, aurreko urteotako txartelen sistema erabiltzearekin batera. Pintxoak larunbat goizean, arratsaldean edo/eta igande goizean dastatu ahal izango dira (establezimendu bakoitzak aukeratuta), Musika Eskolako folklore taldeko eta Bizkaiko Kantuzaleen elkarteko hainbat kidek giroa alaitzen duten bitartean. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko 21 tabernek 2012ko azaroaren 29an abiatu zuten
Pintxo Potea ekimena / © Getxoko Udala.