IEAk gaur zabaldutako irakurketa
Itzubaltzetako Emakumeon Asanblada duela 2 urte inguru sortu zen. Adin eta inguru desberdineko emakume talde bat elkartu ginen, Erromon ematen ari ziren eraso sexista ugariak salatzea ezinbestekoa iruditzen baitzitzaigun. Horrela ekin genion, era antolatu batean, iraultza feministari herri honetan.
Egun horietatik hona, ahalegin, konpromiso eta ilusio handiz, emakumeen eskubideen aldeko eta sistema patriarkalaren aurkako hamaika ekimen eta aldarrikapen gauzatu ditugu. Izan ere, sistema horretatik sortzen baita komunitatearen alegiazkoa, emakumea menpeko egoeran kokatu eta zapalkuntza eta bortxakeria matxistaren zenbait eratara bultzatzen duena.
Horrela, guztion artean, egungo egoera hausnartu eta kontzientzia piztu nahian, sistema patriarkalaren eraginak esparru desberdinetan aztertu izan ditugu tailer eta hitzaldi desberdinetan. Azaroak 25, Emakumeon Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna zein Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna aldarrikapenez josi ditugu eta Jai Parekideen aldeko lanketa burutu dugu ere.
Eta azpimarratzeko kontua da pluralean hitz egiten dugula, lan hori emakume eta gizon guztion artean egin delako. Hasieratik, Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak nabaritu du herri honek abegi ona eta berotsua egin diola eta ildo horretan, borroka feministan eman diren aurrerapauso guztiak denon artean eman dira.
Hori dela eta, gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu Erromoko herriari. Bertan egon delako gure iraganeko ibilbidean eta egun bidegabeko kriminalizazio egoera honen aurrean hemen mantentzen delako bere elkartasuna adierazteko. Izan ere, bihar salaketa bati aurre egin beharko diogu, mugimendu oso bat epaitu nahi dute zuzena eta beharrezkoa dena egiteagatik. Baina eraso sexisten aurrean bere higuina berresten duen mugimendu feminista sendo bat aurkituko dute aurrez aurre, beldurtuko ez dena, atzera botako ez dena eta tinkotasunez emakumeen eskubideen alde borrokatzen jarraituko duena etengabe.
Era berean, saihestezina da herri honetako kolektibo eta elkarteek, inguru herrietakoek eta Euskal Herriko zein nazioarteko mugimendu feministek erakutsitako baldintzarik gabeko elkartasuna nabarmentzea: Algortako Bilgune Feminista, Uribe Kostako M15 mugimendua, Mujeres Con Voz elkartea, Berbalamiñe euskara elkartea, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Txiapasko K´Inal Antsetik A.C., Txiapasko Jolom Mayaetik kooperatiba, Txiapasko Rosa Luxemburgo kolektiboa, Txiapasko Red Estatal de Mujeres Contra la Violencia, Durangoko Bilgune Feminista, Erandioko Emakumeen Asanblada, Itzubaltzeta / Romoko auzokideen elkartea, Itzubaltzeta / Romoko ezker abertzalea, Itzubaltzeta / Romoko greba batzordea, Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordea, Eztabaida gune antiautoritarioa, Itzubaltzetako Gazte Asanblada, Itzubaltzetako Herrira, Kalian Hiri kultur gunea, Kurkudi kultur elkartea, Leioako Bagabiz elkartea, Leioako Bilgune Feminista, Leioako ezker abertzalea, Leioako Gazte Asanblada, Oñatiko Asanblada Feminista, Pare Deustuko gazte talde feminista, Plaza Beltza kultur elkartea, Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanblada, Posada de los Abrazos - Besarkatuz elkartea, LZPren Aurkako Asanblada, Tafallako Gure Indarra elkartea, Ungari mendi taldea, Urdulizko Gazte Asanblada, Uribe Kostako LAB sindikatua.
Mila esker, bihotz bihotzez, gauzatutako manifestura atxikitu zareten guztiei, zuen babesa hurbiltasunez sentitzen dugu.
Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladaren manifestua
Haitzama musika taldeko Miguel Maria (Mikel) Leibarrek, Itzubaltzetako emakumeon asanbladako kideen aurka salaketa jarri du eta kideok epaiketaren zain daude.
Mikelek, injuriak eta kalumniak leporatzen dizkie eraso sexista baten salaketa publikoa egiteagatik. Mikel, 2012ko ekainean bere bikotekide ohia jipoitu izanagatik salatua izan zen.
Ez dugu eraso sexistarik ezta mugimendu feministaren aurkako erasorik onartuko. Kokoteraino gaude gure ekintzak justifikatu behar izateaz, eraso sexistak salatzea denon ardura da eta ez dago eskubiderik horregatik kriminalizatuak izateko.
Orain, inoiz baino gehiago, eraso sexisten aurrean gure higuina adierazi nahi dugu, IEAri (Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladari) gure babesa eskainiz eta mugimendu feministarekin bat eginez.
Eraso honen aurrean, burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu:
• Abenduaren 12an arratsaldeko 7etan, Itzubaltzeta / Romon, Santa Eugenia plazatik abiatuko den manifestazioa.
• Abenduaren 13an eguerdiko 12etan Getxoko epaitegien aurrean kontzentrazioa epaiketak irauten duen bitartean.
Gora mugimendu feminista!
Itzubaltzetako Emakumeon Asanblada
Gaurko manifestazioa iruditan