Berangon etxe desjabetze bat geldiarazteko elkarretaratzea izango da bihar Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 13a, 19:43

Astelehenean, hilak 17, Berangoko emakume bat eta bere bi alabak kale gorrian lotuko dira ezustekorik ezean. Izan ere, etxe kaleratze prozesuan daude eta egun horretan haien etxebizitza enkantera aterako da. Gaur zenbait jendarte kolektibok prentsa ohar baten bidez iragarri dutenez, bihar, ostirala, Bilboko Kale Nagusiko Kutxabank-eko egoitzaren aurrean, Aldundiaren jauregiaren alboan, elkarretaratzea burutuko dute goizeko 10:30ean. Protestaren xedea anitza da, hala nola kasu hau salatu, "euskal sendiek duten beharretara hobeto moldatuko den jendarte politika aldarrikatu" eta Lanbideren murrizketekin "bukatzea". Beatriz Elena 38 urteko kaltetua sei urtez bizi zen Berangon. Bere alabek 16 eta 19 urte dituzte. Elenak 95.000 euroko hipoteka mailegua sinatu zuen Berangoko BBKrekin. Halere, lan eta sendi egoerak direla eta, emakumeak ezin izan zion hipotekari aurre egin eta kalean ikusi da, bi alabekin batera. Gainera, bere garaian abalatu zuten senideak ere kaltetuta irtengo dira, haien etxea ere bahitzeko arriskua baitago. Kaltetutakoaren abokatuak premiazko helegitea jarri du bankuak abiatutako justizia-jarduerak "berehala eteteko". Bere aldetik, Asier Vega Alternatibaren Bizkaiko bozeramaileak Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteari eskatu dio etxe kaleratzea bertan behera uzteko. Argazkian, pasa den azaroaren 17an milaka lagun batu zituen Bilbon etxe-kaleratzeen aurkako manifestazioak.

Gainera, pasa den azaroaren 10ean desjabetze gehiagorik ez egiteko konpromisoa hartu zuela gogoratu dio, Amaia Egaña “terrorismo finantzarioaren biktima mortala” izan ostean, alegia. Ezkerreko alderdiaren bozeramaileak Kutxabank “bere sakela betetzeko edozer gauza egiteko prest dagoela” azpimarratu du. “Hauxe dugu adibiderik onena, famili hau kaleratzeaz aparte, Kutxabankekin hitzartutako 95.000 eurotako hipotekak hiru seme-alaba dituen bigarren familia baten etxebizitza bahitzeko intentzioa duelako erakundeak. Gauzak horrela, Kutxabankek “negozio ederra egin du, 95.000 euroren truke bi etxebizitza bereganatzen dituelako, zorraren zati bat –interesak barne– ordainduta egonda ere eta bi familia kale gorrian uztea dakarren arren”. Jendarte kolektiboek, berriz, "non dago Kutxabanken helburu soziala?" galdetu dute.

Vegak, kapital “orain arte publikoa” duen erakunde batek baliabiderik gabeko pertsonak kaleratzea gaitzetsi du, etxebizitza oinarrizko eskubidea dela gogoraraziz. Aldi berean, Gasteizko eta Madrilgo exekutiboei “desjabetze sarraski hau geldiaraziko dituen neurri eraginkorrak” exijitu dizkie, Euskal Herria Bilduk bere kanpainan planteatu zituen neurrien haritik, alegia. Hau da, hipoteka ordaintzerik ez dutenentzat, kaltetuak ez du etxebizitza utziko eta bankuari alokairu soziala ordaintzeko konpromisoa hartuko du. Arrazoi objektiboak desagertzen direnean eta familiak aurreko egoerara bueltatzen direnean (eta beti ere etxebizitza eskubidedunak hala nahi duenean), alokairua ordaintzeari utziko litzaioke eta hipoteka ordaintzeari berrekin, ordura arte ordaindutako dirua galdu gabe, zorra etxearekin kitatzea aukerarekin gertatzen den bezala.

Alternatibak politika eraginkorrak eskatu ditu etxebizitzarako eskubidea benetakoa bilakatu dadin eta gogorarazi du, halaber, instituzioen borondatea eta konpromisoa aski direla horretarako, “Bizkaian bakarrik milaka baitira hutsik dauden etxebizitzak, alokairu sozialean eskaini behar direnak”. Era berean, Kutxabanki etxegabetze guztiak berehala geldiaraz ditzan galdegin diote, eta banku txarra deritzon Sareb-en izango duten parte-hartzetik iragarritako “astakeri ekonomikoa, ekologikoa eta soziala” ekiditera deitu dute, erakunde horrek bereganatutako etxebizitzak eraisteko 500 milioi euro inbertitzeko asmoa baitute, “haien kontuak borobiltzeko asmoz eta etxe horiek aterpe duina behar dutenen gabezia konpontzeko erabili beharrean”.

Azkenik, jendarte eragileek bihar goizean etxegabetze berri horren aurka deitutako protestarekin bat egitera deitu du Vegak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun