Azken diskoa aurkeztuko dute bihar Sopelan Travellin' Brothers leioaztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 13a, 22:07

Leioako Travellin' Brothers blues taldeak kaleratu berri duen "Christmas Special" lana taularatuko du bihar Sopelako Kurtzio kultur etxean. Gaueko 9etatik aurrera, seikoteak bosgarren CDan bildutako Gabonetako sei kantuak eskainiko ditu aurten ere grabatutako "Travellin' Brothers Big Band" diskoaren ale batzuekin zein aspaldiko akntekin batera. Horretan, banda handi baten laguntza izango dute. Txartela bederatzi eurotan eskuratu daiteke oraindik orain Kurtzio kultur etxean bertan. Kontzertura sartzean CD bat jasoko du opari entzuleak. Halere, norbaitek joaterik izango ez balu, abenduaren 23an beste aukera bat izango du Kultur Leioan. Argazkian, Travellin' Brothers leioaztarrak Big Band-eko kideekin / © Gaztelupeko Hotsak.

"Christmas Special" diskoa

Gabonetako kantuek genero propio bat osatzen dute aspalditik herri musikaren barruan, seguruenik gospel musikaren kantu espiritual eta erlijiosoak bere egin zituenetik soul musikak. Geroago pop eta rock&rollak ere bide emankorra egin du gaurdaino iristen den eremu horretan. Euskal Herriak ere badu tradizio handia Gabon kantuetan, baina kasu gutxitan gertatu da blues, pop edo rock talde batek Gabonetako abestiez osaturiko disko bat egitea.

Travellin´ Brothers blues taldearen kasuan, big band handiekiko sentitzen duen miresmenak bultzatu du Christmas Special bezalako disko bat egitera. Izan ere, big band horietako askok halako diskoren bat grabatu izan dute goiz edo berandu beren ibilbidean. Iaz Captured Live zuzeneko diskoa (Gaztelupeko Hotsak) big band batekin grabatu ostean, gauza bera egiteko unea zela erabaki zuen Leioako taldeak.

Lehen urratsa kantuak aukeratzea izan zen. Gabonetako kantuen tradizioari zerbait berria ekarri nahi zion taldeak, eta argi zuen AEBetako klasikoen ondoan Euskal Herriko kantuek ere tokia izan behar zutela. Eta haien artean ezagunena, zalantzarik gabe, Olentzero da. Ikuspegi berritzaile batetik egindako bertsioa osatu du Travelling Brothersek, dantzarako swing erritmoaz hornitu du eta big band moldaketa zoragarriekin apaindu du.

Diskoko beste euskal kantua Haurtxo txikia herrikoia da. Kasu honetan, 10 musikariz osaturiko big band-ak bakarrik hartu du parte abestian, eta Alain Sancho saxofoi jotzaileak sortu ditu moldaketak. Kantuaren hitzak doinuan zehaztasun handiz islatzea lortu du Sanchok, umeak kantua entzuterakoan izan zitzakeen sentsazio berberak transmitituz entzuleari.

Gainontzeko lau kantuak AEBetako Gabon kanta ezagunak dira, historian zehar hamaika aldiz moldatuak izan direnak, baina haietan ere bere zigilua jartzea lortu du Travellin´ Brothersek. Blue Christmas eta Boogie Woogie Santa Claus dantzaren eremura eraman ditu taldeak, erritmo bizi-biziekin eta taldekideen bakarkako joaldi txandakatuekin. Jingle Bells-en kasuan, hainbat musikarik egokitutako kantua izanik, arriskatzea eta harridura sortzea bilatu du taldeak, baita lortu ere, eta Merry Chrismas Baby berriz, diskoko kanturik blueseroena da, taldearen sustrairik sakonenetan errotua.

Christmas Special lan ezberdina da Travellin´ Brothersen orain arteko diskografian, eta etenaldi bat haren ibilbidean. Adin guztietako entzuleei zuzendutako diskoa da, eta Gabonetako bira txiki batean aurkeztuko du abenduan. Hona hemen datak:

• Abenduak 14, Sopela: Kurtzio kultur etxea, 21:00.
• Abenduak 19, Bilbo: Bilborock, 20:30.
• Abenduak 20, Miranda: Cultural Caja de Burgos, 20:15.
• Abenduak 21, Aranda de Duero: Cultural Caja de Burgos, 20:15.
• Abenduak 23, Leioa: Kultur Leioa, 20:00.

"Olentzero" herri kantaz Travellin' Brothers Big Band-ek egindako bertsioa (© Travellin' Brothers Big Band)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun