Arte Ederretako ikasleek 100 bat lan erakutsiko dute Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 14a, 15:51

Euskal Herriko Unibertsitateko Leioa eta Erandioko campuseko Arte Ederretako Fakultateko ikasleek 100 lan inguru aurkeztuko dituzte XXIV. Ikus-Entzunezko Erakusketan. Erakusketa bihar, abenduak 15, aurkeztuko da jendaurrean eta urtarrilaren 7ra arte bisitatu ahalko da BBVA Fundazioak Bilboko San Nikolas plazan duen egoitzan. Bertan, ikasleek sortu eta EHUko Arte eta Teknologia Saileko irakasleek hautatutako 100 bat instalazio multimedia, bideo eta argazki ikusi ahal izango da. Argazkian, ezkerretik eskumara: Josu Rekalde Arte Ederretako dekanoa eta erakusketa antolatzailea, Jon Mikel Euba artista gonbidatua eta Carmelo Garitaonandia Bizkaiko errektoreordea.

Ibilbidea lau ataletan egituratzen da: hamalau instalazio multimedia; 57 bideo –bideo-sorkuntzak, animazioak eta fikziozko bideoak; artista gazteen bederatzi argazki–; eta Jon Mikel Eubaren lana. Azken horrek, 2003az geroztik, talde laneko dinamikak definitu ditu eta bertan, alderaketen bidez, talde ezberdinen esperientzia errealak sortzen dira, azkenean talde-lanak eratzen dituztenak. Jardute-prozesua zuzenean egindako entsegu gisa planteatutako bideo-filmazioetan oinarritzen da eta bertan dauden ikusleen interakzioa lanaren parte bihurtzen da. Gaur egun, esperientzia horiek izaera pedagogiko esperimental nabarmena duten proiektuetarantz bideratu dira. Jarduteko modu horrek Busanen (Korea) 2003an jarri zen abian estreinakoz historikoki. Horren ondoren, jarduteko beste hainbat guneren artean Luxenburgo 2004, Istanbul 2005, Genk (Belgika 2006) eta Amsterdam 2006-2008 azpimarratu behar ditugu. Harez geroztik, Eubak Cartagena de Indiasen (Kolonbia), Valparaison (Txile) edo Van Abbe Museoan Eindhoven egin izan ditu proiektuak lan egiteko modu hori bere euskal testuinguruaren barnean estrapolatuz.

BBVA Fundazioak hartzen duen erakusketan lehen aldiz aurkeztuko du bere osotasunean haren proiektu garrantzitsuenetako bat, "A minute of Silence", Espainia, Korea eta Istanbulen artean egindakoa, 2003 eta 2005 bitartean sortutako emaitzen kanal bakarreko bertsioarekin.

Ikasleek egindako lanei dagokienez, aipatu beharra dago erakusketa guztietan zehar, ikus-entzunezko formatua arte balio handiko adierazpide gisa finkatuz joan dela. Aurten ere, argi eta garbi ikusten da antolatzaileek irakaskuntza artistikoarekiko duten interesa eta etorkizuneko artisten berrikuntza eta sormenaren alde egindako apustu irmoa.

Urte hauetan egindako ibilbidea, gainera, soinu eta performatibotasuneranzko –arte adierazpenean dagoeneko finkatuta dauden elementuak– gutxikako lekualdaketaren inguruan gogoeta egiten duen arte eta irakaskuntza mugimenduaren alboan egindako ibilbidea da. Soinu praktika ezberdinen bidezko sormenarekiko hazten doan interesari esker, ikus-entzunezko parametro klasikoetatik urruntzea sustatzen joan da. Azken horietan, soinu-banda irudiaren laguntzaile hutsa zen. Testuinguru horretan, esperimentazio bideografikoak eta soinuzkoak komunikabideen postulatuetatik urruntzen dira, irudikapenen aurrean ekintza bera nagusitzen duten jarrera performatikoetara hurbilduz.

Proposamen berri horiei jarraiki, oraingo honetan erakusketa eremua handitu eta eremu berri bat gaineratu da. Bertan, hainbat ekitaldi performatibo zuzenean garatuko dira erakusketaren egutegiko egun jakin batzuetan.

Erakusketaren helburu nagusia ikasleei euren proposamenak jendaurrean aurkezteko aukera eskaintzea da. Hala eta guztiz ere, egindako ondoz ondoko erakusketetan jarduera-eskaintza handituz joan da. Alde batetik, hezkuntza prozesuaren beraren alderdiei buruzko artikuluak gaineratu dira, baita ikus-entzunezko esperimentazio alderdi orokorrenekin loturiko beste batzuk ere.

Azkenik, artista gonbidatuaren irudia azpimarratu behar dugu, 1992an egindako erakusketatik aurrera proposatzen hasi zena. Harez geroztik, tokiko eta nazioarteko artistek parte hartu dute, erakusketari balio erantsia eskaini diotenak, erakusketa mota horietara joan daitezkeen ikusleak zabaltzeko aukera eskainiz. Helburua bikoitza da: dagoeneko finkatuta dauden artistak jasotzea erakusketa ezagutzera emateko, baina baita batzuetan oso baloratuta dagoen artista baten lanak ikasleen artean izan zezakeen alde pedagogikoa bultzatzea ere, ziurrenik euren ekoizpenak kontu handiagoarekin burutzea sustatuko baitu.

Eubaren curriculuma

Jon Mikel Euba. (Bilbo),1967. Bilboko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuen eta prestakuntza Artelekun, Donostian, jarraitu zuen 1992 eta 1995 bitartean. 2000. urtean Berlinera joan zen Kunstlerhaus Bethanien delakoan urtebeteko egonaldia igarotzera eta harez geroztik hainbat hiritan burutzen ditu lanak, egoitza Bilbo, Berlin, Luxenburgo, Istanbul, Amsterdam eta Mexiko D.F. artean txandakatuz, Bilbon lan egiten du eta bertan bizi da.
Manifesta IV Frankfurent, Istanbuleko IX. Bienalean, Veneziako Bienalean eta Koreako Busango Bienalean parte hartu du, besteak beste. Bere azken lanen artean, performanceak hainbat hiri eta erakustokitan aurkeztu dira: De Appel eta Stedlijk Museum Bureau Amsterdam, 2008an; Project Arts Centre, Dublinen, 2009an; Valparaíso Intervenciones 2010, Txilen; edo duela gutxi Eindhoveneko Van Abbe Museoan, If I Can't Dance. Edition III-Masquerade, Episode 4: From Dusk Till Dawn delakoaren testuinguruan egindako Transcoding Re:horse performancea.

Erakusketak munduko leku ugaritan aurkeztu ditu: Buenos Aires National Museum of contemporary Art of Korea, (Seoul). Bilbo Mucsarnok Kunsthalle, (Budapest). Cubitt (Londres). Les Rencountres Internationales, (Paris), Israeli Center for Dígital Art Holon, (Israel). Gdansk, (Polonia). Carré D'art Nimes, (Frantzia). OK Centrum, (Linz). Singapore History Museum. (Singapur). Rotterdam Film Festival. Art Unlimited Art Bassel (Basilea). Palazzo delle Papesse, (Siena), Italia. Berlin. Graz (Austria). Lux Center (Londres). Sprengel Museum (Hannover). Puerto Ricoko Museoa, beste batzuen artean.

Bere lana hainbat bildumaren parte da: Madrilgo Sofia Erregina Museoa, MACBA Bartzelonan, MUSAC Leonen, MUDAM Luxenburgon, FARC Frantziako Poitou-Charentesen, Madrilgo Kultura Ministerioa, etab.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun