Kopla txapelketan hiru aurkezle izango dira bertsolariei gaiak jartzeko: Imanol Epelde, Amaia Alberdi eta Xabi Aizpurua. Hiruna saio ere egin beharko dituzte: librean binaka, ofizioka binaka eta zuzeneko musikaz lagunduta. Oskar Estanga musikaria, Eromerian taldeko bi trikitilari eta Jurdana Otxoa biolin-jotzaileak jarriko dituzte koplariak dantzan. Txapelketak hiru fase izango ditu. Lehenengoan hamarrek abestuko dute, bigarrenean soilik lehenengo sei sailkatuak. Fase horretan, esaera zahar batekin kantatu beharko dute bertsolariek binaka. Azken fasean buruz burukoa izango da. Bertan hiru ariketa izango dituzte: librean binaka, bakarka objektu bat emanda eta ofizioka. Urtero legez, publikoak erabakiko du unean-unean txapelketako zati bakoitzean nortzuk egingo duten aurrera eta baita zintzarria nori eman ere. Boto-paperak izango dute horretarako.
Aurreko zintzarridunak honakoak izan dira: 2007an, Maddalen Arzallus; 2008an, Igor Elorza; 2009an, Julio Soto; 2010ean, Amets Arzallus; eta 2011n, Beñat Gaztelumendi. Irabazlea hurrengo ediziora gonbidatzen dute, baina oraingoz ez du inork birritan irabazi.