Gaur, ostirala, Andaluziako
La Zaranda konpainia ospetsuaren
“Nadie lo quiere creer” edo "La patria de los espectros" izeneko antzezlana ikusi ahal izango da Kultur Leioako Auditoriumean, gaueko 20:30etik aurrera. Sarrerak 15 eurotan eros daitezke. Obrak, 80 minututan, Errege godoen oinordekoa dela dioen dama zahar baten historia kontatuko digu. Andraren luxuzko etxea jaten ari dira pixkanaka-pixkanaka pipia eta zahartasuna. Goseagatik desagertuz joan den leinu bateko azken kidea da emakumea, familiako azken pertsona maltzurra, zimurrez eta minez jositakoa eta ezertarako balio ez duen loba erdi ergelari buruz gaizki esaka aritzen den sugegorria. Badu neskame bat ere, balizko gorpuen gainean planeatzen duten beleen antzean dabilkiona. Pauma falta da, garai hobeetako nabarmenkeria xahutzaileen ikurra eta, orain, apaingarri disekatua baino ez dena. La Zarandak 30 urte baino gehiagoko eskarmentua eta prestigio handia dauzka. Besteak beste, konpainia andaluzak 2010ean Espainiako Antzerkiaren Sari Nazionala irabazi zuen. Argazkian, antzezlanaren irudi bat / © Leioako Udala.