Getxoko Udalak zabaldutakoaren arabera, "ekimen horrekin merkataritza dinamizatu nahi da Gabonetan, alorrerako oinarrizkoa dena, hori guztia GetxOn kanpaina orokorraren barruan". Imanol Landa Getxoko alkateak aurkezpenean adierazi zuenez, “Gabonetako erosketak udalerriko dendetan egitea bultzatzen saiatzen ari gara. Gure asmoa Getxoko komertzioari laguntzea da, auzokideok bertoko dendetan erostea ahalbidetzea. Gabonetako kanpaina honetan helarazi nahi den mezua honako hau da: eskatzen duzuna eskatuta, Getxon zerbitzua emateko pertsona asko bere dendarekin daude, bilatzen ari zarena topatzen laguntzeko”.
“Getxopariek” hainbat ibilbide beteko dituzte Algortako, Itzubaltzeta / Romoko eta Areetako kaleetatik. “Iratxo horien lana, gure saltokietan erosten eta kontsumitzen dutenei eskerrak ematea da”, nabarmendu zuen Itziar Epalza Merkataritza saileko zinegotziak. Pertsonaia horiek errege kabalgatan esango dute agur eta egun horretan azkenengo gozoki irribarretsuak banatuko dituzte.
Erosi bitarteko haurtzaindegiak
Bestalde, gurasoek Gabonetako erosketak egiten dituzten bitartean umeak uzteko astialdirako gune batzuk egokituko ditu Udalak. Horietariko batzuk ohikoak izango dira, esate baterako, ludoteka, baina beste batzuk berri ere izango dira, tartean Algortako eta Itzubaltzeta / Romoko kultur etxeek eskainiko dituzten tailerrak eta jolasak abenduaren 26an, 27an eta 28an, eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, 10:30etik 13:00etara.
Saltokien ahalegina
"Une latzak dira eta bizi duguna bizi izanda, saltokiak, hainbat ekimenetan parte hartuz, egiten ari diren ahalegina" eskertu du Getxoko Udalak. "Ahalegina garrantzitsua da. Izan ere, udalerriko 95 saltoki Bono Dendara atxiki dira, beren bezeroek dirua aurreztu dezaten gabonetako erosketak egiterakoan, 114 denda Getxo Enpresaren Gabonetako erakusleiho Txapelketara aurkeztu dira eta beste 12 Bilboko Merkatal Ganbararen lehiaketara. Gabonetako argiek(On, GetxOnekoak), aurten, udalerriko salerosleei eta ostalariei ere kuku egingo die, kaleak argiekin eta saltokiak biltzen dituen markaren irribarrearekin apainduz", aipatu du azkenik Merkataritzako zinegotziak.