Gaurko bertsolaritza festan Bizkaiko txapela eskura izango dute Fredik eta Jonek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 15a, 15:31

Arratsaldeko 5:30ean, abiatuko da gaur Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilboko Miribilla auzoko Bilbo Arena pabilioan. Taula gainean, egungo txapelduna, Atxuri auzoak adoptatutako Arkaitz Estiballes galdakaoztarra izango da. Berarekin batera, bost txapel etxean dituen Igor Elortza durangarra, eskarmentu handia duten Iratxe Ibarra eta Onintza Enbeita, eta gazteen ordezkaria den Miren Amuriza izango dira. Zortzikotea osatzeko Uribeko ordezkariak izango dira: Jone Uria eta Fredi Paya algortarrak eta txapela hainbatetan ukitzear izan den Etxahun Lekue larrabetzuarra. Jone presio gabe azalduko da taula gainean, bere buruari jarritako helburuak aise gainditu dituela. Fredik, berriz, transmititzeko bokazioarekin abestuko du, bere esku ez dauden puntuak eta txaloak mesprezatu gabe. Gaurko saioa txapelketak historian izan duen saio parekide bakarra izango da. Gainera, Jon Lopategi guztion maisuak nori jantziko dion txapela ez dago batere argi, ohiko "Durangoko diktadura" ez baitago bere unerik altuenean eta besteen arteko aldea txikia izanda. Saioa zuzenean jarraitu ahal izango Bertsoa.com-en, Info7-n eta ETB1-en. Azken komunikabide horretan, buruz-burukoa baino ez dute emango, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Festa goibelduko duen gertaera bakarra Joxe Agirre zendu izana da, bertsolari azpeitiarrak 83 urte zituen. Argazkian, Jone Uria eta Fredi Paya Durangoko finalaurrekoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun