Sistema energetiko seguruagoa lortu behar dugu Euskal Herriaren beharrak asetzeko, lanpostu ugari sortuko duena, garapen ekonomiko orekatuagoa, aire garbiagoa eta osasun publiko hobea bermatuko duena. Lehen urratsa, berandu datorren erabaki hau, energia nuklearra baztertzea.
Arabako mugatik hain hurbil dagoen 44 urteko zentral zaharkitu hori lehenbailehen itxi behar zela behin eta berriz eskatu dugu LAB sindikatutik eta Euskal Herriko hainbat mugimendu ezberdinetatik. Ordua da jendartearentzat horren arriskutsua izan den zentrala ixteko. Zentralaren itxieraz pozten bagara ere, ezin dugu esan gabe utzi arduragabekeria itzela izan dela zentral hau, izan dituen gabeziekin, orain arte irekita mantentzea eta bere bizi iraupena luzatzea; momentu honetan ixteko erabakia hartu bada, ezarri beharreko segurtasun neurriak garestiegi egiten zaizkielako da, ez bestelako eredu energetiko batean pentsatzen hasi direlako. Sindikatu garen heinean ere, esan nahi dugu, denbora luze honetan, ez dutela inguruko herritarren bizi baldintza ekonomikoetan ere pentsatu, hori ere ez da administrazioaren kezka edo lehentasunen artean aurkitu, ez dute inolako plangintzarik aurkeztu familia horien etorkizun laborala eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko.
Zentral horrek emititu izan duen erradiaktibitatearen pilaketa zeharo arriskutsua izan da osasunerako, inguruan urdail eta biriketako minbizi kasuak ohi baino ugariagoak dira. Baina batez ere, ez dugu ahaztu behar energia nuklearra oso arriskutsua dela. Garoñak izan dituen korrosio arazo, ezusteko eta geldialdiek energia nuklearra segurua dela esaten duten teoria guztiak hankaz gora jartzen ditu, beraz, etorkizunerako ere argi diogu energia nuklearra ez dela energia iturri aukera bezala hartu behar, berau erruleta errusiarrera jokatzen aritzea bezalakoa delako.
Euskal Herriko jendarteak argi dauka energia nuklearra baztertu beharra dagoela eta ez dela erregai fosilen alternatiba. Horri esker ez zen eraiki Lemoiz, ez da ausartzen inongo alkaterik hondakin erradioaktiboentzako biltegia Euskal Herrira ekartzen eta aldarri hedatua izan da Garoña ixteko.
LABen apustua energia nuklearra baztertzea, eta energia aurrezteari eta eraginkortasunari benetako bultzada ematea da, energia berriztagarri garbiak eta instalazio sakabanatuak sustatzeaz gain. Ildo horretan, herri industrialdunok aurrerapauso handiak eman ditzakegu energia aurrezteko, batez ere elektrizitateari dagokionez.