Gaur goizeko 10:30ean, Berangon sei urtez eman zituen Beatriz Elena Cardona 38 urteko emakumea eta bere bi alabak
kale gorrian gelditzekoak ziren, azken uneko ezustekorik ezean. Eta horrela gertatu da, Villarcayon (Burgos) egindako enkantera inor aurkeztu ez denez, Kutxabank-ek etxebizitza bereganatu baitu, balioaren %50ean. Cardonak Berangoko BBKrekin sinatu zuen 95.000 euroko hipoteka mailegua eta, ezin ordainduta, egun 99.749 euroko zorra eskatzen zion Kutxabankek. Bankuak, gainera, abala eman zuten Alacanteko lehengusuen etxea ere jomugan dauka.
Berangoko Bilduk deituta, 40 lagunek elkarretaratzea egin dute gaur goizeko 13:30ean Berangoko Kutxabanken bulegoaren aurrean. Izan ere, bankuak Medina de Pomarren (Burgos) "desjabetzea burutu" eta Elena eta bere alabak "kalean utzi" dituela salatu eta auzokideari elkartasuna adierazi diote. Halaber, horrelako egoeren aurrean Udalak protokolo bat eratu dezan ez-ohiko udal bilkura batera deitu eta mozioa sartu du Bilduk Berangoko udaletxean. Argazkian, gaurko agerraldia / cc-by-sa Berangoko Bildu.