"Euskal presoak Euskal Herrira! Euskal presoak lantokietara!" lelopean, elkarretaratzeak antolatzen ohi ditu Eskumaldeko
LABek. Txorierri, Mungialdea eta Uribe Kosta hartzen duen Eskumaldeko LAB sindikatuak hilabetean behin egiten du kontzentrazioa Ipar Uribe eskualde handian, beti lehen ostiralean eta herriz herriz txandakatuz. Etzi, hilak 20, baina, estraineko aldiz ostegunean eta laugarren astean burutuko dute presoen aldeko kontzentrazioa. Hitzordua Algortako Telletxe plazan jarri dute sindikatuko kideek, eguerdiko 12:30ean. Data moldaketa horrekin, Eskumaldeko LABek bat egiten du urtarrilaren 12ko herri mobilizazioaren sustatzaileek etzirako deitutako Adierazpen Egunarekin. Egun horretan, herritar guztiak pegatina batekin ateratzera gonbidatu zituzten. "Nork bere lantokian, eskolan nahiz kalean, nahinora doala ere, pegatina soinean jantzita bere atxikimendua adieraztera gonbidatzen dugu", azaldu zutenez. Algortan, Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean daude eskura pegatinak. LABek baieztatu duenez, urtarrilaren 12ko manifestazioaren deialdia indartzeko asmoz, "egun horretan lantokietan gure delegatuek eta afiliatuek pegatinak eramango dituzte manifestaziora deitzen". Argazkian, LABek martxoaren 2an Algortan egindako kontzentrazioa.