Pakea Bizkaia aurtengo espedizioaren unerik erabakigarrienean murgiltzeko prestatzen ari da: Ushuaiatik (Amerika kontinenteko hegoaldea) Antartikako Penintsularako nabigazioa. Belaontziaren tripulazioko kideek aurre egin beharko diete itsasaldiari berari –Hornos lurmuturreko eta Drake itsasarteko zeharkaldiak, beti zailak eta arriskutsuak–, ur hotzen gainean dauden iceberg erraldoiei eta Hego Poloaren gainean dagoen kontinente horretako klima gogorrari.
Kontinente izoztuan emango dituzten bi asteetan, Kepa Acerok bere erronkari ekiteko une eta olatu egokia bilatuko du. Algortarrak ondo ezagutzen du Pakea Bizkaiako proiektua. "Unairen ibilbide osoa jarraitu dut eta nire proiektuetarako inspirazio iturri izan da. Pertsonalki ere ezagutzen dut eta, Antartikara joatea zeharo liluragarria izateaz gain, esperientzia berezi hori berarekin konpartitzeak ere ilusio handia egiten dit", baietsi du Acerok.
Bostetatik laugarrena
Antartikakoa "5 Itsaso" proiektuaren laugarren olatua izango da. Proiektu horretan, Acero planetako bost itsasoren olatu birjinak bilatzen ditu. Indonesian, Andaman (India) eta Angolan aritu ostean, Antartikako erronka zailari aurre egiteko prest dago surflaria.
Acerok olatu hori aukeratu zuen "Antartika oso urrutiko lekua delako eta, bertan nazioarte mailako olatua topatzea zaila bada ere, hain helezina den toki batera iristeak asko motibatzen nau. Gainera, Pakea Bizkaira igotzeko desioa aspaldikoa da eta azkenean gure helburuek bat egin dute", adierazi du.
Muturreko tenperaturek eta haize bolada gogorrek ez dute inola ere bere ilusioa murrizten. "Uraren tenperatura 2 eta 5 gradu bitartekoa da, baina tenperatura baxuei aurre egiteko bereziki prestatutako jantzi berezia dut, artilezko isolamendu batekin. Printzipioz, ordu eta erdi egon zaitezke uretan, baina beti ere mugimenduan, une batean gelditzen bazara, izoztuta gelditzeko arriskua duzulako", azaldu du.
Drake itsasartea, "mundu osoan dagoen nabigazio punturik zailenetakoa"
Ushuaiatik Antartikako itsasaldiak laupabost egun iraungo ditu. Pakea Bizkaiko kapitainak itsasaldi horretako zailtasun nagusiak gogorarazi ditu: “Eguraldiaren iragarpena oso azkar aldatzen da, latitude guztietako haize bolada indartsuak, izotzaren presentzia eta babesleku egokirik eza”.
Gainera, itsasaldian Drake itsasartea igaro behar dute, “mundu osoan dagoen nabigazio punturik zailenetakoa”, gogorazi du Basurkok. “Fronteak eta borraskak uneoro izaten dira, eta haize bolada indartsuak eta Antartika inguratzen duten itsasoetako itsaskirriak etengabe hazten dira”, argitu du.
Antartikako Penintsulara iritsita, kapitainaren esanetan, “baldintzak Hornos lurmuturreko eta Drake itsasarteko latitudeetan baino lasaiagoak dira. Dena den, hotza, iragartzeko zailak diren haizeak eta nabigazioa are gehiago zailtzen duten ur gaineko icebergak eta izotz-puskak izango ditugu aurrean”. Izotz-puska horiek iceberg handietatik banatzen dira eta radar zein sateliteko argazki bidez antzemateko oso zailak dira. Hala ere, Argentinako eta Txileko Armaden informazioa lagungarria izango da ahalik eta gehienak ikusteko. Nolanahi ere, prebentzio neurria da “abiadura murriztea eta belaontziaren brankan zaintza areagotzea”, Basurkoren arabera.
Belaontziaren barruan hotzari aurre egiteko garrantzitsuena da, kapitainaren berbetan, “arropa egokia janztea, lekaleak, zopak eta patatak jatea eta zaintza sistema dinamikoa ezartzea, tripulazioaren esposizioa ahalik eta gutxien izateko”.
Parte hartze militarra
Teknologiaren aurrerakuntzak eta Argentinako Armadak nabigazioa seguruagoa izaten lagunduko dute. “Irrati eta satelite bidez, hamabi orduro eguneratzen diren meteorologia parteak eskura ditugu. Horrez gain, Argentinako Armadako arduradunekin eta Irizar izotz-hausteko ontziko kapitainekin bildu naiz nabigazio plan egokia ezartzeko”. Hala ere, Basurkok ohartarazi duenez, “aurrerapenak aurrerapen, zonalde babesgabea, gogorra eta basatia izaten jarraitzen du”.
Pakea Bizkaiko hirugarren espedizioa, beraz, helmugara iritsiko da Kanariar Uharteetatik eta Cabo Verdetik igaro, Atlantikoa zeharkatu eta Argentinako kostaldea goitik behera nabigatu ondoren. Bidaialdian zehar, Argentinako diasporarekin harremanetan egon dira, Pakea Bizkaia hezkuntza proiektua aurkeztu dute hainbat lekutan eta euskal kultura lau han-hemenka zabaldu dute. Horrekin batera, hezkuntza materiala egiteko informazioa, irudiak eta bideoak jaso dituzte. Material horren helburua ingurumenaren zaintzarekiko sentsibilizazioa gizarte osoan eta, bereziki, umeen artean areagotzea da.
Kepa Acero espedizioaren nondik norakoak azaltzen (© Pakea Bizkaia)
Kepa Acero & Pakea Bizkaia Euskara from Pakea Bizkaia on Vimeo.