Pasa den larunbatean abiatu zen Kultur Leioako erakusketa aretoan haurra den edo inoiz izan denak ikusteko moduko erakusketa. Doako erakusketa horrek Gorakada antzerki-konpainiaren 25 urteko ibilbidea batzen du. Aro emankor horretan, eskularru-txotxongiloak eta aktoreak abiapuntutzat hartuta, hainbat teknika, estilo eta eszenaratze garatu dira. 23 ikuskizun, 2.000 antzezpen eta milioi bat ikusle. Bisitaria, abentura, magia eta ilusioz betetako mundu liluragarria erakusten dio, bere ahalegin eta lana haurrei eta familiei zuzendu dien konpainia honen bilakaeraren isla. Horrenbestez, konpainiaren antzezlanik esanguratsuenetako txotxongilo eta eszenografiak aurkezten dira: Tartalo, Zirkoa, Reziklatex, Titirikontu, Gondola Misteriotsua, Jim Altxor Uhartean, Robin eta Hood, Irudimendeko Hiria, Cyrano eta Ogro Txikia, besteak beste. Ongi etorri Gorakadaren mundura. Erakusketa urtarrilaren 27ra arte izango da zabalik, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Argazkian, sendi leioaztarrek iaz ikusi ahal izan zuten "Printzea eta ahatea" antzezlanaren irudi bat / © Galdakaoko Udala.