Hitzarmenik ez dago atez ateko zabor bilketa ezartzeko Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 20a, 11:29

Getxoko PPk herenegun lau haizetara zabaldutakoa gezurtatu zuen atzo Bilduk. Popularren arabera, EAJk eta koalizio soberanistak "hitzarmena lotuta" omen zeukaten, udalerrian atez atekoa ezarri eta, horrek, "1,5 milioi euroko igoera" ekarri behar zuen zabor bilketa sisteman. Getxoko udal garbiketa, hondakin solidoen batuketa eta garraioaren eta antzeko zerbitzuen kontrataziorako baldintza tekniko partikularrei buruzko agiria astearteko (abenduak 27) osoko bilkuran eztabaidatuko da. Bilduk aurreratu duenez, ez du oztopatuko onarpen hori eta abstenitu egingo da, udan hasitako elkarrizketa-prozesu baten ondoren Gobernu Taldearekin adostutako neurri batzuei esker. Atzoko prentsaurrekoan adierazi zutenez, "elkarrizketa prozesu luze bat eta gero aldaketa batzuk lortu ditugu pleguan baita beste puntu batzuen inguruko akordioa ere": esperientzia pilotu gisa, 20.000 biztanleko udal eremuan 5. kontenedorea (organikoa biltzeko) martxan jartzea, zabor batze sistemaren inguruan hausnarketa egiten hasteko udal lantalde berri bat sortzea zeinetan herritarrok eta alderdi politikook parte hartuko duten, belartzarrak deuseztatzeko lanetan belar‐pozoiak (herbizidak) erabiltzearen baztertzea, Larrainazubiko transfer plantak auzokideei sortzen dizkien kalteak 2013an konpontzeko Gobernuaren konpromisoa, etxeko olioa ere batzea, Gobelaren garbiketa sakonago bat egitea, eta kartelak inkatzeko panel publikoen beharra, besteak beste. Argazkian, Bingen Saitua, Maitane Nerekan eta Arantza Gutierrez Getxoko Bilduren zinegotziak, atzoko prentsaurrekoaren ostean.

Bozketan abstenitu arren, Bilduk argi utzi nahi izan zuen atzo Getxoko Udalaren hondakin solidoen kudeaketa politikarekin "ados ez" daudela. "Gaur eguneko sistemak erraustea du oinarri, osasunarentzat kaltegarria, oso garestia da, sortzen den zaborraren %25a baino gutxiago birziklatzen dela soilik, eta zerbitzua azpikontrata baten bidez kudeatzen da lan publikoaren bidez izan beharrean", kritikatu zuten zinegotzi independentistek. Bilduren ustez Zero Zabor zarama‐politika hartu behar da ardatz zaramen arazoa egoki kudeatzeko: "Kontuan hartuta gaur egun dagoen egoeratik Zero Zaborrera heltzea ez dela egun batetik bestera gertatuko, sistemaren inguruko hausnarketa sakona egin behar da", gaineratu zutenez.

Atez atekoa

Halaber, gogoratu zuten Bilduk kudeatzen dituen udal askotan atez ateko bilketa abian jarri dela, San Francisco, Brusela, Oviedo, Munich eta beste hainbat hiritan bezalaxe, "arrakasta handia lortuta (nahiz eta Zubietako errausketa‐plantan interesa duten alderdiek eta presio‐taldeek egindako propaganda kanpaina bortitza egin)". "Badakigu jakin, gaur egun dagoen errausketa politikatik Zero Zabor egoera batera ez garela ailegatuko bi egunetan. Horrexegatik gaur darabilgun esfortzua horra hurbiltzeko pausuak ematean datzala uste dugu", aipatu zutenez.

PPren "gezur mediatikoak"

Oraindik Zero Zabor politika lortze bidean Getxon lan izugarria egiteke dagoela aipatu zuten Bildukoek. "Bide horretan pausu txikiak ematen saiatu gara eta bide horretan jarraituko dugu. Espero dugu gainontzeko talde politiko zein bestelako herri eragileen jarrerak eta gezur mediatikoek ez dutela zabaldutako bide hori oztopatuko", adierazi zutenez. Bestalde, independentistek "larritzat" jo zuten PPk "gezur merkeak zabaltzea, lehen mailako informazioa eta zuzena izan dutenean". "Berriro ere dei berezia egin behar diogu getxoko Alderdi Popularrari: zergen ordenantzaren akordioan egin zuten bezala, oraingoan ere informazio okerra zabaltzeari ekin dio Zaborren Pleguari buruz, EAJk eta Bilduk akordatutakoari buruz", adierazi zutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun