
Anjel Figueroa Fernandez euskal preso politikoa ospitalean dago, bi atake epileptiko izan ostean,
Algortako Herrira bilguneak gertukoen ahotik jakinarazi duenez. Erietxean utzi dute hainbat proba egin behar dizkiotelako. Figueroa etxean daukate preso, espetxe arindu egoeran. Gaixotasun larri eta sendaezina duen preso politiko algortarra Langraizko espetxetik atera eta etxera eraman zuten 2008ko azaroaren 12an, bertan zigorra bete dezan. Bitartean, Gabonen inguruan prestatutako euskal preso eta iheslari politikoen aldeko ekitaldiekin jarraitzen du Algortako Herrirak. Gaur, osteguna, "Ataramiñe'12" idazlan kolektiboaren aurkezpena hartuko du Eztabaida Guneak, 19:30etik aurrera. Horrekin batera, Bruselan dagoen Xabier Makazaga iheslari zarauztarrak bideokonferentziaz eskainiko du "Errealitatea eta fikzio gatazka politikoan" izenburuko hitzaldia. Gaurkoa Adierazpen Eguna ere bada. Hartara, eskolan, lanean edo kalean urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorreko pegatina eramateko deia luzatu du Herrirak. Horri jarraiki, "Euskal presoak Euskal Herrira! Euskal presoak lantokietara!" lelopeko elkarretaratzea egingo du Algortan Eskumaldeko LABek. Hitzordua 12:30ean jarri dute Telletxe plazan. Argazkian, urriko udal batzarra hasi baino lehen hainbat lagunek egin zuten preso gaixo larrien aldeko elkarretaratzea udaletxean bertan, Algortako Herrira bilguneak deituta / cc-by Algortako Herrira.