Uribe Kosta eta Erandion barrena ibiliko da hilaren 22tik 24ra Olentzero

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 20a, 16:04

Hamabi hilabete luze itxaroten egon ostean, gau berezia izango da astelehenekoa (abenduak 24) Euskal Herriko haur guztientzat; baita hain txiki ez direnentzat ere. Bapo afaldu eta gero, lozorroan sartu eta, eguna argitzean, orduan hasiko dira arineketak eta komeriak. Hala ere, afaldu aurretik, abestu eta jolasteko aukerarik ez zaie faltako txikienei. Izan ere, bazter guztiak irribarrez eta algaraz gainezka izango dira, Olentzeroren bisitarekin. Uribe Kosta eta Erandion, besteak beste, Neguri-Gobelara egingo du larunbatean lehenengo bisita ikazkinak; eta igandean Barrikan, Erandio Landan, Itzubaltzeta / Romon... izango dugu. Azken herri horretan haurren gutunak jasotzen. Tartean, euskal preso politikoak Euskal Herriratzea eskatuko du Sopelan, 12:30ean Udaletxeko plazatik abiatuta. Gauza bera egingo du Olentzerok astelehenean Itzubaltzetan, 20:30ean Branka herriko tabernatik abiatuta. Algortan, berriz, ikazkina lagunduko dute presoen, 19:00etan Amnistia tabernatik irtenda. Hain zuzen ere, Eguberri egunera arte itxaron beharko dute neska-mutilek euren opariak zabaltzeko. Bitartean, aipatu egunean, toki horietara guztietara bueltatzeaz gain, falta zaizkion eskualdeko herriak bisitatuko ditu Olentzerok. Argazkian, Olentzero eta Mari Domingi Algortan barrena. / © Getxoko Udala.

Abenduak 22, larunbata:

Neguri-Gobela

Txatxalin Gobelako gurasoen elkarteak eta Neguriko Gobela taldeak antolatuta:
11:00 DYAren eguneko zentroan kantatuko dute.
12:00 Kantuak Udal Egoitzan
18:00 Olentzero kalejiran aterako da (irteera Jolas-Toki jatetxetik) musikak lagunduta. Bidean geldialdiak egingo ditugu Gabonetako kantak abesteko eta umeen gutunak jasotzeko (Jolas Toki - San Esteban egoitza - Aiboa kalea - Gernika parkea - Udaberri kalea - Makaletako etorbidea).
18:15 San Esteban egoitzan agusiei abestuko diete.
18:45 Gernika parkean Olentzerori ongi etorria: musika, txistulariak, trikitia...
19:45 Olentzerok kalejirarekin jarraituko du, Aiboa institutu zaharrean eta Egarri tabernaren parean amaitzeko. Gernika parkean: txokolatea eta gaztainak.


Abenduak 23, igandea:

Algorta

Horra Horra Algortako Olentzero batzordeak antolatuta, Telletxe plazan:
18:00 Pailazoak: Potxin eta Patxin-en "Txangoa" ikuskizuna.
19:00 Bertsolariak: bertsolari gaztetxoen eskutik saio aparta.
20:00 Taberna ibiltaria taldearen eskutik, kalejira musikatua tabernaz taberna.

Areeta

19:00 Berantzagi dantza taldeak antolatuta, umeentzako jarduera, Eskoletako plazan.

Barrika

16:00 Haurrentzako makillaje eta Olentzero gutun tailerrak, Goierri auzoko Ander Deuna kultur aretoan. Txikiak ondo pasatzen ari diren bitartean, Mari Domingi helduko da Barrikara, Olentzeroren laguntzailea, eta Gabonetako ipuin berezia kontatuko die haurrei.
17:30 Olentzero eta Mari Domingiren kalejira musika eta animazioaz alaiturik (sorginak, hankapaloak, kale antzerkia…), Milagros Tabernako aparkalekutik elizako aterperaino. Ibilbidea: Milagros aparkalekua, Artepeta auzoa, Iparralde taberna, Barrikako hondartzako aparkalekua, Garramune eta Jonakone auzoak eta elizako arkupea.
19:30 Olentzero eta Mari Domingiri harrera, elizako aterpean. Haur guztiak Olentzerorekin hitz egiteko aukera izango dute, berarekin argazki bat atera eta karamelu batzuk emango dizkie. Bertaraturiko guztiek txokolate bizkotxoekaz eta gaztainez gozatzeko aukera izango dute.

Erandio Landa

Goialde dantza taldeak antolatuta:
18:30 Kalejira Olentzero eta Mari Domingirekin. Auzotik kantatzera irtengo dira.

Getxo

19:30 Itxas Argia dantza taldeak antolatutako jaia, Malakate parkean: txistorra jana, burruntzia, musika... eta giro itzela.

Itzubaltzeta / Romo

18:00 Zasi Eskola dantza taldea, Ziztu Bizian eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako Jai Batzordearen eskutik, Olentzerok umeen gutunak jasoko ditu San Jose elizako arkupeetan.

Sopela

12:30 Sopelako Herrirak deituta, preso eta iheslarien aldeko Olentzeroa, udaletxetik Larrabasterrara.


Abenduak 24, astelehena:

Algorta

Horra Horra Algortako Olentzero batzordeak antolatuta:
12:00-14:00 Zabala eskoletan: puzgarriak, hanka-paluak, haurrentzako jolasak, Olentzero panpina eta gutunak bidaltzeko postontzia. Fruitu lehorrak banatuko dira.
17:00etatik aurrera: Kalejira Benantziotik hasita (Benantzio - Illeta - Villamonte - Bolue - Algortako etorbidea - Mariandresena - Telletxe kalea - Algortako Telletxe plaza)
18:00 Villamonten, Olentzero biziduna, musikariak, fanfarria, txokolatea...
19:30 Portu Zaharrean: txalapartak, bertsolariak, abesbatza, Olentzeroren kondaira kontatzea, aurreskua.
20:00 Olentzeroren erretzea.

Algortako Herrirak antolatuta:
19:00 Presoak ere Olentzeroren kalejirara, Amnistia tabernatik abiatuta.

Altzaga

17:30 Uztargi dantza taldeak antolatutako kalejira, Bekoa ikastetxetik azoka zaharrera.
18:00 Kalejira Olentzerorekin, Gautxoriak taldeak, Altzaga Ikastolako Gurasoen Elkarteak eta Erandioko Gazte Asanbladak antolatuta, Irailaren 23a plazatik abiatuta. Ibilbidea: Mitxelena, Txinboak, Obieta, Benjamin anaia, Txorierri, Altzagako ibarra, Obieta, Tartanga, Jado, Jesus Aranburu eta Irailaren 23a plaza.
20:00 “Olentzero eta Maridomingi” antzezpena.

Areeta

Berantzagi dantza taldeak antolatuta:
11:00 Irudi eta erakusketak zabaltzea: Olentzeroren irudia, egur-ikatzaren irudia, "bendejerak", bertoko abeltzaintza, zilargintza, gaztaina saltzailearen irudia eta abar. Perretxikoen erakusketa, fosil eta mineralak, emuak, txori bitxiak... Haurrentzako pintura tailerra, haria egitea, altzariak lantzea, otarregintza, uztarriak lantzea, euskal pilota, eta abar.
11:00 Erromeria txistulari, trikitilari, albokari, txalapartari eta dultzaineroek alaituta.
11:45 Juan Manuel Etxebarria: "Gabonetako euskal ohitura eta ipuinak".
12:15 Berantzagi dantza taldearen emanaldia.
13:00 Bertso saioa ALBEren eskutik.
14:00 Gabonetako otarraren zozketa.
18:30 Berantzagi dantza taldearen emanaldia eta Olentzeroaren kalejira. Ibilbidea: Kale Nagusia, Xake plaza, Arlamendi, Mesedeetako Ama, Andres Larrazabal, Eskoletako plaza.

Astrabudua

11:00-14:00 Olentzeroren eguna dela-eta, umeentzako jarduerak eta tailerrak izango dira Josu Murueta plazan.
18:00 Trabudu dantzari taldeak antolatuta, Olentzeroren kalejira, Ignacio Aldekoa ikastetxetik Jose Andres Mendiguren plazara, Iparraize Txistu Taldea laguntzarekin.

Berango

18:30 Olentzeroren kalejira, Berangoeta kultur etxetik frontoiraino; eta bertan harrera.

Getxo

Itxas Argia dantza taldeak antolatuta:
17:00 Olentzeroren kalejira Andra Mari kiroldegian hasita. Ibilbidea: Andra Mari kiroldegia, Mati, Diliz, Saratxaga, Zientoetxe, Perune, Uri, Torrebarria, Benta, Geroa ikastola, Orduña mendatea, Benantzio eta Malakate.
19:15 Sua Malakaten eta txokolate jana. Musikariek eta dantzariek alaituko dute ibilbidea. Txikien artean gozokiak banatuko dira.

Gorliz

18:00 Olentzero Eliz plazan.

Itzubaltzeta / Romo

Zasi Eskola dantza taldea, Ziztu Bizian eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako Jai Batzordeak antolatuta:
17:30 Olentzeroren kalejira Itzubaltzeta / Romoko kaleetan zehar: dantzen erakustaldia, Gabonetako abestiak kantatzea, gozokiak banatzea... Ibilbidea: Ezekiel Agirre, Maiatzaren Bata, Nafarroa, Zuberoa, Gobelaurre, Zubieta, Ganeta plaza, Errekagane, Aurrezki Kutxa, Ibaiondo eta Santa Eugenia plaza.
19:30 Dantzen erakustaldia eta Olentzero erretzea Santa Eugenian.
19:45 Txokolate jana eta jaiaren amaiera.

Itzubaltzetako Herrirak antolatuta:
20:30 Olentzeroren kalejira herrian zehar, Brankatik.

Lamiako

17:30 Txikiak Txiki dantza taldeak antolatutako kalejira, metro geltokitik.

Leioa

17:00 Olentzeroren kalejira, Elexalde errotatik Kultur Leioara.
18:30 Harrera.

Lemoiz

16:00 Andrakako Rufino plazan.
16:30 Armintzako autobus geltokitik abiatuta, kalejira auzoan zehar. Frontoian, umeei gutuna eskatu eta bakoitzari opari bat emango die Olentzerok.
18:00 Udaletxe zaharretik (Urizar) abiatuta, kalejira auzoan zehar: pertsonaia mitologikoen antzerkia, gaztainen dastaketa eta Olentzerori agurra.

Plentzia

18:30 Olentzeroren kalejira, Plazatxoatik abiatuta.
19:30 Antzezpena.

San Bartolome (Leioa)

18:00 Auzotarrok kultura elkarteak antolatutako kalejira.

Sopela

17:00 Olentzero Herri Batzordeak antolatuta, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, Larrabasterrako Urgitxieta plazatik. Herria zeharkatu ostean, udaletxe plazara helduko dira. Bertan, antzerkia egin eta gaztaina bero-beroak dastatzeko aukera izango da. Egun horretan baserritarrez jantzita joatera animatu dituzte herritarrak.

Txorierri (Leioa)

18:00 Bifor Jai Batzordeak antolatutako kalejira.
19:00 Harrera.

Urduliz

18:00 Olentzeroren kalejira Igeltzerako aparkalekutik abiatuta. Kalez kale ibiliko dira udaletxeko plazaraino, bertan Olentzerok txikien eskaerak entzuteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun