Joan den astearteko Hirigintza Informazio Batzordean, "Jagolearen etxea" bezala ezaguna den etxetxoari eman beharreko erabilpen proposamenak eskatu zizkien Udal Gobernuak oposizioko taldeei, Biduk zabaldu duenez. Langileria 202. zenbakian, Artatza Jauregiaren atzeko aldean dago aipatu eraikina. Koalizio soberanistak gaineratu duenez, proposamenak luzatzeko epea gaur bukatzen zen. Baina, "aldi berean, aste honetan Udal Aldizkariaren 121. alea (pdf) publikatu eta herritarren artean banatu da. Bertan, eraikin honi buruzko artikulu bat agertzen da, besteak beste honek izango dituen erabilpenak azaltzen dituena", azaldu dutenez. Ondokoa aipatzen da bertan: "Eraikinaren 90 metro koadro herritarren erabilerarako zuzendutako auzoko txoko izango da. Sukaldea eta jantokia prestaturik edozein leioaztarrak, eta bereziki zonaldekoek, txoko hau erabiltzeko aukera izango du bazkariak, ekintza gastronomikoak edota sozialak egiteko. Modu honetan, Leioako hegoaldeko biztanleek iparraldekoek duten San Bartolomeko txokoaren antzeko udal zerbitzu batez gozatzeko aukera izango dute". Hori dela eta, oposizioko taldeei "iruzurra egitea" egotzi dio Leioako Bilduk Udalari. Argazkian, Elixabete Moral eta Arkaitz Fullaondo Leioako Bilduko zinegotziak prentsaurreko batean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!