Angela Casal Tubet gaixotasun luze baten ondoren zendu zen atzo. Itzubaltzetako Herrirak salatu duenez, "Kitxu"ren espetxe zigorra pairatzeaz gain, "18 urtez, sakabanaketaren biktima ere izan zen. Zoritxarrez semea libre ikusi gabe joan zaigu". Bestalde, astelehenerako espero dira hileta elizkizunak. Gonzalo Casal azken hamalau hilabetetan birritan ekarri izan dute gatibu itzubaltzetarra etxera, Villanublako (Valladolid) espetxetik, ama bisitatzera: bata 2011ko urriaren 14an eta bestea 2012ko martxoaren 21ean. Parot doktrina aplikatzen ez badiote, maiatzean da kalera irtetekoa "Kitxu".
Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu", Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean.