Angela Casal Tubet ostegunean hil zen, 81 urte zituela, gaixotasun luze baten ondoren. Larunbatean erre egin zuten bere gorpua Derioko errausketa-plantan. Egun horretan "KItxu" horra eramatekoak ziren, baina azken orduan Espetxeetako Zuzendaritzak planak aldatu zituen. Senideek Angelak azken 16 hileotan izan zuen jarrera goraipatu eta guztientzat eredugarria izan zela azpimarratu zuten. Era berean, gaixo izan den bitartean hartutako berotasuna eta laguntza eskertu dute.
Angela Casal Tubet gaixotasun luze baten ondoren zendu zen ostegunean. Itzubaltzetako Herrirak salatu duenez, "Kitxu"-ren espetxe zigorra pairatzeaz gain, "18 urtez, sakabanaketaren biktima ere izan zen. Zoritxarrez semea libre ikusi gabe joan zaigu". Gonzalo Casal azken hamalau hilabetetan birritan ekarri izan dute gatibu itzubaltzetarra etxera, Villanublako (Valladolid) espetxetik, ama bisitatzera: bata 2011ko urriaren 14an eta bestea 2012ko martxoaren 21ean. Parot doktrina aplikatzen ez badiote, maiatzean da kalera irtetekoa "Kitxu".
Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu", Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean.
"Kitxu", Madrazo eta Urkullu
Gaur Itzubaltzeta / Romoko elizan izan da Javier Madrazo Ezker Batuko legebiltzarkide ohia. 1996an, familiak eskatuta, berak eraman zituen Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera Gonzalok eta Navalcarneroko beste presoek pairatzen zituzten eskubideen urraketak. Orduan legebiltzarkidea zen Iñigo Urkulluk, UA, PP eta PSE-EEkin batera, baztertu egin zuen Navalcarneroko espetxera delegazio bat bidaltzea, EBk, HBk eta EAk eskatu zuten bezala, eta zuzendariari gutun bat bidaltzea hobetsi zuen.
"Kitxu" Itzubaltzeta / Romon