"PP eta 'El Correo' egunkariak zaborren inguruan
asmaturiko gezurren aurrean", auzo asanblada batera deitu du
Getxoko Bilduk zaramaren eta garbiketaren inguruko akordioaren berri emateko eta atez atekoaren inguruan informazioa emateko. Batzarra gaur, asteazkena, izango da 19:30ean, Getxoko Andra Mari kiroldegian. Getxoko PPk abenduaren 18an lau haizetara zabaldutakoa gezurtatu zuen hurrengo egunean Bilduk. Popularren arabera, EAJk eta koalizio soberanistak "hitzarmena lotuta" omen zeukaten, udalerrian atez atekoa ezarri eta, horrek, "1,5 milioi euroko igoera" ekarri behar zuen zabor bilketa sisteman. Bilduko kideek prentsaurrekoan adierazi zutenez, "elkarrizketa prozesu luze bat eta gero aldaketa batzuk lortu ditugu pleguan baita beste puntu batzuen inguruko akordioa ere": esperientzia pilotu gisa, 20.000 biztanleko udal eremuan 5. kontenedorea (organikoa biltzeko) martxan jartzea, zabor batze sistemaren inguruan hausnarketa egiten hasteko udal lantalde berri bat sortzea zeinetan herritarrok eta alderdi politikook parte hartuko duten, belartzarrak deuseztatzeko lanetan belar‐pozoiak (herbizidak) erabiltzearen baztertzea, Larrainazubiko transfer plantak auzokideei sortzen dizkien kalteak 2013an konpontzeko Gobernuaren konpromisoa, etxeko olioa ere batzea, Gobelaren garbiketa sakonago bat egitea, eta kartelak inkatzeko panel publikoen beharra, besteak beste.
Getxoko Udalak hilaren 21ean eman zituen garbiketa eta zabor-bilketa zerbitzuaren gaineko xehetasunak. Argazkian, Bingen Saitua, Maitane Nerekan eta Arantza Gutierrez Getxoko Bilduren zinegotziak, hilaren 19ko prentsaurrekoaren ostean.