Harrigarria da, esaldi soil baten ostean, nola bertan geunden oro parekatu egin garen, kartzela barrutik bizi izan dutenak eta ustez libre garen izakiak, hitzen indarrez leku berean posizionatu gara.
Zergatik sortzen du kartzela barrukoak?
Oierrek kartzela barruan bizi dena kanpora ateratzeko beharraz hitz egin digu, eta egin ere. Bere kartzelaldiak zirauen bitartean eginiko bideo-sormen hau proiektatuz.
Ez du azalpen beharrik, poesia kartzelako debekuengatik frantsesez errezitatua baldin badago ere, testuingurua ondo ezagutu barik, bideoak bere helburua betetzen du, bere barrenean sartu gara eta kanpoan gaudenon denboraren ulerkera aldatu digu.
Xabierrek balio beraz hitz egin digu, barrenak sendatzeko balio izan diola sorkuntzak. Nahiz eta bera eraikita zegoen historia ofizialaren kontra bere istorio propioa idazteko beharragatik hasi idazten.
Baina azpimarratu nahiko nukeena sorkuntza bere diziplina guztietan borroka tresna bezala kokatu dela.
Euskal Herriak bizi dugun garai honetan sorkuntza tresna garrantzitsua dugu; Xabierrek itxaropentsu esan du badagoela herri honetan sorkuntzarako grina.
Molde berriak eraikiz, balio digunaz jabetu, mito zaharrak suntsitu, finean eraiki dezagun herri berri bat.
Hasierako Foucault-en esaldira bueltatuz, lantegiak, eskolak, kaserna eta ospitaleak espetxeak bezalakoak baldin badira, bertan gaudenok sortzeko behar berdina daukagu, hartu dezagun bada bi aho dituen aizkora hori, batek barrenak askatzen ditu, besteak herria askatzen du: sorkuntza.
P.D: Neguko solztizio den honetan, ilargiak bere lana egin duela dirudi, etxera heldu eta espetxean dagoen lagun baten gutuna jaso baitut; estimulu berriak sortuz gutuna idazten iragan duen denbora eta nik irakurtzen pasa dudan denbora tarte horretan mundu paralelo bat sortu dugu, sortzen darraigu.
Izaro Gonzalez Ieregi artista algortarrak pasa den larunbatean Topatu.info gazte agerkari digitalean argitaratutako artikulua