Bihar, ostegunarekin,
Leioan Bagabiz plataformaren aurkezpena egingo dute Leioako kiroldegiko bilera aretoan, arratsaldeko 7:30ean. Aipatu taldea herriko Greba Batzordean emandako hausnarketa baten ondorioz sortu zen eta taldekideek azaldu dutenez, bere helburua elkargune bat sortzea da, "modu iraunkorrez, lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka egiteko". Plataformaren lan esparru nagusia Leioa izango da, baina Uribe Kostako eta inguruko sozioekonomia arloko gainontzeko eragileekin ere elkarlanean aritzeko prest daude. Epe laburrean bere buruari jarri dioten erronka nagusiena, plataformaren aurkezpenaz gain, urtarrilaren 3, 10 eta 18an egingo dituzten solasaldiak dira. Horietan Euskal Herrian zehar martxan dauden hainbat esperientzien berri jaso eta herrian landu beharreko lehentasunen inguruan hausnartu nahi dute. Hiru gai hauetan zentratuko dira: Etxebizitza eskubidea, zaintza eta gizarte-zerbitzuak. Nahi duenak beraiekin jar daiteke harremanetan
leioanbagabiz[abildua]gmail.com posta elektronikoaren bidez. Argazkian, besteak beste, plataformaren sortzaileek pasa den azaroaren 29an Erandio eta Areeta artean manifestazioan ibili zen Euskal Herria Martxan ekimenean parte hartu zuten.