Itziar Epalza Getxoko zinegotzia Jaurlaritzako sailburuorde izendatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 26a, 21:28

Itziar Epalza Urkiaga Getxoko zinegotzi jeltzalea Iñigo Urkullu lehendakariak gidatzen duen Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde berria da, pasa den astelehenean Gobernu Kontseiluak horrela izendatu zuenetik. Algortarrak arlo horietan murgiltzen jakin badaki. Izan ere, Getxoko Udalean Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zerbitzurako zinegotzia izan da azken udal hauteskundeetatik. Aurretik, EITBn zuzendari komertziala izan zen eta Expressive ekoizpen-etxea zuzendu zuen. Maria Pilar Zorrilla Calvok utzitako lekukoa hartu du Epalzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako turismo kanpainak "I need Spain" lelopeko markaren pean kokatu zituena. Bestalde, ikusteke dago Imanol Landa Getxoko alkateak bere Udal Gobernua zelan aldatuko duen. Oraintxe bertan, Epalza zinegotzia izaten mantentzen da eta biharko Udalbatzan ez dago aurreikusita bere aldaketa. Dimisioa emango balu, zerrenda jeltzalean hurrengoa den Inazio Uriarte Gorostiaga zinegotzi bilakatuko litzateke. Horrek uko egingo balio, Irantzu Uriarte Gomez gaztea izango litzateke hautetsi berria, besteak beste, Nazioarteko Turismo Kudeaketa graduondoko ikasketak dituena. Halere, horrek eta atzean dituenak ere ardurari muzin egin diezaiokete. Argazkian, Itziar Epalza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun