Gazte Zukgua prozesuak aurrera darrai Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 27a, 17:19

Egunotan, hitzordu garrantzitsuak dituzte Uribe Kosta eta Erandioko ezker abertzaleko gazteek. Izan ere, pasa den irailaren 29an Zarautzen abiatu zuten Gazte Zukgua prozesu eratzailea hainbat aurrerapauso eman ditu eskualdeko herrietan eta ezker abertzaleko gazte antolakunde berria sortzeko eztabaidak egoeraren azterketa orokorra eta ziklo politikoaren irakurketa burutu ostean, gazte estrategia zehazteari ekin dio. Gauzak horrela, Algortan gaur, osteguna, izango da asanblada, Villamonte kaleko kultur etxean, arratsaldeko 4:30ean. Ordu berean, Branka kultur elkartean batuko dira Itzubaltzeta / Romoko neska-mutilak. Erandioztarrak, ordea, atzerapenez ari dira eta bihar eta etzi bilduko dira Kalezulo gaztetxean. Bihar, arratsaldeko 3etan ekingo diote eztabaidari eta etzi berriz, goizeko 10etan hasi eta bertan bazkalduko dute. Besteak beste, Leioan, Plentzian eta Gorliz zein Sopelan ere martxan dago Zukgua eztabaida. Argazkian, Gazte Zukgua prozesuaren eskualde mailako aurkezpen jaialdia Erandioko Kalezulo gaztetxean egin zuten urriaren 6an.

Norbanakotik kolektibora jauzi egiteko "zukuan" murgildu ziren udaran zehar 200 herritako 800 neska-mutil inguru, eta egindako hausnarketak gainontzeko gazteekin partekatzeko ordua iritsita, guztien artean Euskal Estatu Sozialista lortzea helburu izango duen gazte antolakunde berria eratzeari ekin diote. Martxoaren 2a bitartean burutuko dituzte eztabaidak eta Uribe Kosta eta Erandion ere horretan dabiltza. Egun horretan kongresu baten bidez sortuko dute gazte erakundea. Martxoaren 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean, berriz, gazte antolakundea berriaren jaiotza jaialdia, Gazte Danbada, ospatuko dute. Bertan, ohiko gazte topaguneetan bezala, gazteak "elkartu eta auzolanean eztabaidatu, gozatu, ikasi, elkartrukatu eta sortzeko aukera" izango dute, prozesu eratzaileko kideek zabaldu dutenez. Besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, kale animazioa eta kontzertuak izango dira.

Algortako esperientzia

Algortako eztabaidan ari diren neska-mutilek zabaldu dutenez, "gazte antolakunde baten beharra dagoela argi dugu, orain zer nolako antolakundea nahi dugun, zehaztu behar dugu. Hortik izena beraren izana ere. Norbanakotik (zuk, gutako bakoitzak) kolektibora (gu, osatzen dugu). Guztion ekarpena beharrezko baita benetako gazte antolakunde anitz eta zabal bat osatzeko, guztion zaporea eta guztion grina. Baina, ez hori bakarrik, izan ere, kolektibo garen heinean, gazte modura kezka, arazo eta bizi ikuspegi propio bat dugulako, prozesua berak geuretzat ere aberasgarria izango da (gozatu, ikasi, landu, eztabaidatu, partekatu, harremandu…ko garelako)".

Algortan irailaren 29an jarri zen martxan gazte Zukgua eta orain arte prozesuak barnebiltzen dituen hiru blokeetako bi landu, eztabaidatu eta partekatu dituzte herriko hainbat gaztek. Lehenengo blokean, egoeraren azterketa orokorra landuta, "sistema kapitalista patriarkarraren basakeria aztertu eta basakeriaren aurrean antolatzea beharrezkoa dela ikusi dugu", parte-hartzaileek nabarmendu dutenez. Bigarren atalean, ziklo politikoaren irakurketaren bidez, egun Euskal Herrian bizi den egoera politikoan identifikaturiko arrisku eta aukeren aurrean "gazteok dugun arduraz jabetu eta ardurari neurriko erantzuna emateko konpromisoan berretsi gara", azaldu dutenez.

"Orain hirugarren urratsa ematea geratzen zaigu, urratsik garrantzitsuena, gazte estrategia zehaztea baita prozesuaren eginkizuna". Hau da, gazte estrategiaren izaera, helburuak eta antolakundearen izaera, funtzioak, garatu beharreko ildoak eta funtzionamendua dituzte erabakitzeke. Horretarako, "herriko gazte abertzale eta ezkertiar guztion parte hartze eta ekarpena" beharrezkotzat jo dute "gazte antolakunde anitz eta koloretsua" sortuko bada. "Herrian sortu dugun gazte mazedonian fruta guztiek kabida dutelako" animatzera eta "zukgutzera" deitu dute.

Gazte Danbada jaialdiko kantuaren bideoklipa (© Iheskide eta Nerea Sanchez - Gazte Danbada)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun