Eusko Ekintza: "Independentziarako eta eraldaketa sozialerako Herritar Batasunaren beharra"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 27a, 17:55

Pasa den larunbatean, Eusko Ekintza alderdiak (EEK)-k, bere aurkezpen ofiziala egin zuen Altsasun manifestu zabal baten bidez. Hurrengo asteetan Talde Sustatzailea osatu dugun kideok behin-behineko Batzar Nazionala eratzeko asmoz, zabalagoa den lantalde dinamizatzailea elkartzeko asmoa dugu. Eusko Ekintza ezker abertzalearen eremu zabalean kokatzen da, egun berrantolatzen ari den esparru soziopolitiko horretan hain zuzen. Izan ere, ezker abertzaleak Euskal Herriko sektore anitzak batu baldin baditu historikoki, esan dezakegu azken urteetan oinarri soziologiko hau are eta gehiago zabaltzen ari dela. Argazkian, pasa den larunbateko aurkezpenaren irudi bat / © Eusko Ekintza.

Bestalde, ohartu gara hainbat jendearentzat, eta bereziki militante gazteen belaunaldiengan, nahasmen handia dagoela Herritar Batasuna, Gune Soberanista zein alderdi politiko kontzeptuen artean. Hori dela eta, saiatuko gara ekarpen bat egiten Herritar Batasunari buruz gure ikuspegia argitze aldera.Euskal Herrian, Ezker Abertzalea inoiz ez da alderdi bakarrean antolatu. Ezker abertzale soziologiko osoak beti hainbat adierazle politiko, sindikal eta sozial izan ditu. Herri Batasuna eta Euskal Herritarrok izan dira agian ezker abertzalearen erakunde gehien batzea lortu duten egiturak, eta beti herritar batasunaren ereduaren inguruan. Hala ere, kasu hauetan soilik erakunde politikoak batzen ziren, nahiz eta beste eragile sindikal edo soziopolitikoekin lotura estua izan.

Ezker abertzalearen eragile guztiek estrategia bateratua izan dezaten laguntzeko asmoz, sortu da, besteak beste, Eusko Ekintza. Herritar Batasuna bultzatzeko, alegia. Aurkezpen testuan horrela adierazten dugu:

"Ezker Abertzalea, historian zehar, alderdi bakarrean batu ezinak diren libertario, komunista eta sozialista ideologiaz osatu da. Langile eta klase herritarren aliantza historikoa izan da Ezker Abertzalea, eredu demokratikoa izan duena beti, anitza eta parte-hartzailea. Horregatik hain zuzen, errepresio gupidagabeari erresistentzia tinkoa ezartzeko tresna eraginkorra izan da. Herritar Batasuna, berriz, konfrontazio demokratikorako tresna izan da.

Begi onez ikusten dugu Euskal Herriko jendartea ideologia ezberdinetako alderdietan eta erakundeetan antolatzea. Eta esan gabe doa, gure helburua ez dela alderdi hegemoniko bat izatea, Eusko Ekintza ezkerreko indarrez osatuta egon behar duen Herritar Batasun batean parte izateko jaio da, Herritar Batasun bat zeinek independentzia lortze bidean, gune soberanista eta aliantza zabalak lortzeko motorra izan behar duen. Baita sozialismoaren etxea harriz harri eraikitzen hasi beharko duen indar ezkertiarren elkarlanean zutabea ere".

Eusko Ekintzaren aurkezpen egunean, Laura Mintegi EH Bildu koalizioaren zerrendaburuak Eusko Ekintzarekin hartu-emana izatea espero duela esan zuen. Gu ere horren esperoan, gainontzeko indar eta gune ezkertiar, aurrerakoi eta independentistekin auzolana gure ipar-orratza izango dela esan dugunontzat, ezkertzekoak dira hitz horiek.

Eusko Ekintza alderdia eratzen ari garen emazte eta gizonok Bildu, Amaiur eta EH Bildu koalizioen esparrua gure kokapen naturaltzat ikusten dugu hauteskunde esparruan. Gutako hainbatek, koalizio hauen sorrera prozesuan parte hartu genuen aktiboki. Halere, hiru koalizio hauek Hegoaldean burututako azken hiru hauteskundeetarako koalizioak baino ez dira, eta oraindik ez dira koalizio iraunkor gisa moduan egituratu. Urruti daude beraz "gune soberanista" eraginkor eta egonkor izatetik. Horretarako herritarrekiko, talde ezberdinekiko eta herritar mugimenduekiko lankidetza eta konplizitate guneak sortu beharko lirateke.

Eusko Ekintzak Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldean ezker independentismoa Herritar Batasun batean egituratzea helburutzat jotzen du. Pertsonez, sentsibilitate zein alderdi eta erakunde soziopolitikoez osatutako Herritar Batasuna.

Herritar Batasuna hauteskundeetarako koalizio batetik harago doa, egitura eta erabakiak hartzeko prozedurak arautu behar dituelako. Gauza berbera esan dezakegu Gune Soberanistaz, non esker abertzaleko eremukoak ez diren taldeekin auzolan handia dugu independentziarako bidean.

Horrela izanda, Eusko Ekintzaren lehengo Nazio Biltzarra egin bezain laster, gure ahalegin handiena Herritar Batasunaren sorkuntza horren baitan kokatuko dugu, sistema juridiko-politikoa eta sistema sozio-ekonomikoa aldatzeko behar diren indarrak ezkertiarrak diren sektore soberanista guztien elkarlanetik baino ez baitira etorriko.

Eusko Ekintza alderdiaren aurkezpeneko bideoa (© EEK)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun