Getxo udalerriko 30 urteko gizon bat, V.A.J.S. inizialak dituena, birritan atxilotu dute 48 ordutan, emakumeen aurkako indarkeria leporatuta. Getxoko Udalak zabaldu duenez, emakume baten oihuek kezkatuta Algortako etxebizitza bateko auzokideek Poliziari deitu zioten Eguberri egunean. Bertaratu ziren agenteek emakumea erdi-biluzik topatu zuten eskailerak jaisten zegoela eta biktimak laguntza eskatu zien, ustezko erasotzailea, bere bikotekidea, oraindik etxebizitzan zelako. Poliziek gizonezkoa atxilotu zuten andra behin eta berriro kolpatu zuelakoan. Biktima, ordea, ospitalera eraman zuten, zituen kontusioak artatzeko. Andraren arropa zuhaitz baten adaburutik jaitsi behar izan zuten, erasotzaileak leihotik bota ei zuen eta. V.A.J.S. atxilotuta lotu zen asteartean eta atzo, hilak 26, epailearen aurretik pasa zen. Guardia epaileak inputatu eta hainbat kautelazko neurri ezarri zizkion, biktimarengana ez hurbiltzeko. Halere, bikotekidea Itzubaltzeta / Romon topatutako etxebizitza berria topatu eta haraino hurbildu zen. Gaueko 11etan, udaltzainek genero indarkeriaren biktima baten atarian pertsona susmagarri ikusi eta emakumearen txirrina jotzen ibili zela jakin ondoren atxilotu egin zuten berriz, urruntze agindua urratzeagatik. Gaur epaitegitik zen igarotzekoa.