Ostiral honetarako, abenduak 28, Sortzaile Txikien Tailerra antolatu du
Algortako Gazte Asanbladak (AGA). Hitzordua goizeko 11etan jarri dute Telletxe plazan. Horrenbestez, ordu horretatik aurrera, diru-zorroak, paparreko orratzak, landareak, txotxongiloak, eta abar egiteko aukera izango dute haurrek. Azaroan "Algorta herria elkarlanean eraikiz" lelopeko kanpaina abiatu zuen AGAk. Besteak beste, asteetan, herritarren iritzia, kezkak, proposamenak... biltzen ibili ziren. Panel handi batzuk jarri zituzten herrian zehar (Kasino plazan, Telletxen, Eztabaida Gunean eta Tellagorrin), Algortan okupazio mugimendua nolakoa izan den eta AGAk zer egiten duen eta nortzuk diren azalduz. Azalpenen atzean, berriz, orri zuri bat proposamenak, iritziak, kezkak, eta abar idazteko. Argazkian, Txorimalo gaztetxearen laugarren urteurrenean Telletxen jarritako haurrentzako jolasak.