Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen funtzionamendua arauz kanpokoa dela salatu du gaur Uribe Kostako
Bilduk. Sopelako udaletxean emandako prentsaurrekoan, ezkerreko koalizioak 1995ean kokatu du erakundeak bizi duen arazoaren sorrera, Mankomunitatea jaio eta lau urtera. Orduan, estatutuek hainbat gabezi zutela jakinarazi zion Lemoiz, Plentzia, Gorliz, Urduliz, Barrika, Berango eta Sopela batzen duen erakundeari Bizkaiko Foru Aldundiak. Halere, Saioa Villanueva Sopelako alkateak salatu duenez, "Uribe Kostako Mankomunitateak ez zituen Aldundiak ezarritako aldaketak estatutuetan islatu, eta legalki hainbat zulo dituen, irregulartasunez josita dagoen eta eguneratua ez dagoen araudi bat" du indarrean. Besteak beste, gaur ez bezala, aurrekontuak mankomunatutako udaletan hauteskundeetan aukeratutako zinegotzi guztiek erabaki beharko lituzkete; Sopelak dagokiona baino ordezkaritza murritzagoa du; 1995etik hona makina bat erabaki hartu duten bi atalek ez dute lege babesa eta horietan parte hartzearren dietak kobratzen dira; zerbitzu batzuetan parte hartzen ez duten udalek horien gainean erabaki dute, arauz kanpo; eta hainbat zerbitzutan parte hartzeko erabakia ez du beti hartu egin beharko lukeen erakundeak. Gauzak horrela, aipatu gabeziak konpontzea eskatu dio Bilduk Anabel Landa jeltzalearen taldeari. Era berean, koalizioko ordezkariek uko egin diote gaur Mankomunitatearen aurrekontuak Osoko Bilkuran bozkatzeari, erakunde horrek "zilegitasunik ez" duela iritzita. Argazkian, gaur goizeko prentsaurrekoa / © Uribe Kostako Bildu.