Azken agurra eman diote Areetan Jose Miguel Gallego Cantera kazetariari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 28a, 01:17

Jose Miguel Gallego Cantera kazetaria zenari azken agurra eman diote bart, osteguna, Areetako Santa Ana elizan. Gallego Eguberri-egunean hil zen bat-batean Areetan, 74 urte zituela. Kazetaria ia hogei urte eman zituen Bilboko Herri Irratian kolaboratzen, besteak beste, Sestaoren partiden esatari lanetan. Horren kronikak ere idatzi zituen urte luzez "Hierro" arratsaldeko egunkarian. Kirol mundua kontatu soilik ez eta arte martzialetan lehiatu zen, borroka grekoerromatar arloan Espainiako txapelketa bat erdietsi zuela. Azken hamabost urteotan, Bizkaiko Kirol Kazetaritza Elkarteko diruzain eta idazkaria izan zen Jose Miguel Gallego Cantera. Hiletatik ordu batzuetara, EITBk Bilbon duen egoitzan ere omendu dute areetarra, Bizkaiko Kirol Kazetaritza Elkartearen Galan. Bertan, Pablo Carrera tiratzaileak jaso du Bizkaiko kirolari onenaren saria eta BBKren saria. Elaia Torrontegi taekwondo borrokalari plentziarra izan da Bizkaiko kirolari onenaren saria jaso duen beste bat. Ramiro Pinilla idazle getxoztarrari ere errekonozimendua erakutsi diote. Azkenik, Gallegoren senideekiko errespetuz eta dolu gisa, egitekoa zen koktela bertan behera utzi dute. Argazkian, Gallego (ezkerrean) 2005ean, Jose Luis Cepedari (eskuinean) sari bat ematen / © Bizkaiko Kirol Kazetaritza Elkartea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun