Josu Gotzon Landeta: "Aro berriaren malkarretik gora"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 29a, 21:03

2012. urteak bereak egin du. Atzera begira konturatzen gara historian urte hori ez dela edozelakoa izango. Arlo fisiko errealean langileok handikiek aitzakiatzat erabili duten krisi ekonomiko lazgarriaren ziztadak pairatu ditugu, eta arlo psikologikoan abenduaren 21ean, maia herriek aspaldi ezarritako egutegi zehatz haren arabera, gure mundua amaituko zelako kantu apokaliptikoa aditu dugu etengabe, horrek izan duen eragin handi ala txikiarekin. Gai horiek biek hamaika kontu eta esamesa zabaldu dute gure artean, eta milaka informazio lerrok (eta beste hainbeste desinformazio lerrok ere) berebiziko ezinegona sortu dute gure jendartean. Salbuespenak salbuespen, informazio-desinformazio, gain-informazio, zurrunbiloa kapitalak ondo antolaturiko kaosa da, bertatik sortzen diren kantu faltsu horietatik epe laburrean jaso lezaketen etekinari begira, aro baten gainbehera agerian gezurra egiaren mozorroaz estali guran. Edozelan ere, ezin uka genezake egoera ezegonkor horrek hausnarketa eta ekintzarako aukera ere eman digula. Hausnarketa batzuk nondik gatozen, zer garen, nora goazen pentsatzera eraman gaituztenak. Argazkian, sutea Erroman, Vatikanoko hiria jan guran / © Crimenes del Vaticano.

Hausnarketa batzuk eredu sozio-ekonomiko horrek osinaren barrenera eramango gaituela ohartarazi gaituztenak. Horien ondorioz jendarte mailan hamaika ekintza eta mugimendu berri gauzatu dira, balizko mundu berriaren hazi. Honezkero ongizate jendartearen lamia kantuen xarma egunetik egunera lorrinduz doa, eta horren ordez Sistema deritzon Gaztelutzarreko habe itxuraz sendo eta mugiezinen artean esperantza kantu berri bat suma liteke, oraindik ezegonkortasun postmodernoaren laino artean lauso, baina askorentzat erakargarri, zapalduen gozagarri.

Mundu mailan gero eta argiago dago kapitalaren gerizak epe luzera freskatu ez eta hozpel suertatzen zaigula, mundu aberatsean agerian dugun sakabanaketa eta espiritu pobrezia lekuko, eta mundu pobrean jendearen arteko ezberdintasun, gose eta miseria lekuko. Euskal Herriko alde itxuraz aberatsean, gehiago aberastu barik egunetik egunera pobrezia ageriago ageri zaigu, batetik ezberdintasunaren amildegia handituz doan langile askoren pobrezia, bestetik herriko kultura alboratuz espektakulu antzu, telebista eta futbolzale andana sortu duen pobrezia, eta biak tarteko halako miseria integral sakonean amilduz goaz.

Nioen legez, laino artean beste kantu bat sumatzen gabiltza. Gero eta jende gehiago susmatzen dabil lehengo bideak amaiera eskasa duela, lehengo bizimoduak etekina herri xeheari ez eta handikiari baino ez diola ematen. Gure kasuan, frantziar eta espainiar estatuen harlauzaren azpian, eguzkiaren argia nekez heltzen zaigula konturatuak gara. Hamarnaka urteetako jarduerak honaino ekarri gaitu, egun harlauza astun horren pisuaz libratzea inoiz baino errealago, inoiz baino hurbilago ikusten dugularik, zapaltzaileen gerra jardueraren aurrean herriaren bake jarduera gauza daitekeela frogatuz. Horra hor, bestela, euskal jendartearen joera elkarkoia, egunez eguneko ahaleginean urtez urte eraiki dena. Horrek erakutsi du estatuen zapalkuntzaren harlauzari distiraren partez lotsa eta miseria dariola, eta bere azpian segituz gero argi propiorik nekez izango dugula.

Argi dago globalizazio kapitalistaren eredu baztertzailea suntsituz doana. Etorkizuna herri txikien askatasun egarria asetzetik dator, eta egutegiaren harira ederra izan liteke herri maiaren jakinduria eta ondarea profitatzea. Munduaren amaiera gerraz eta mendekuz bustiriko mundu antzu baten amaiera izan liteke, eta nork daki data seinalatu horretatik aurrera gizateriaren balantzak ez ote duen beste aldera egingo, bakez eta elkartasunez jantziriko mundu bat sortze aldera, alegia.

Gure lagun Joanes herri maietan dabil gure kultur esperientziaren jakintzatik bertako kultura zabaltzeko bideak eratzen. Berak gure jakintzaren harria eraman du bertara, eta itzuleran bertako jakintzaren harria guri ere ezagutaraziko digu. Gauza bera egingo du Iñigok Norvegian, eta zeresanik ez Anderrek Kalifornian. Ba al da hori baino globalizazio sanoagorik? Hala ere, bidea laua barik malkarra izango da, eta zenbatetan ez ote zaigu Sisiforen harriarena gertatuko?. Harria behin eta berriz maldan behera amildurik, bidearen malkarra etsipen uneez beterik egongo da, baina gure egoskortasunak behin eta berriz ahalegintzera bultzatuko gaitu.

Josu Gotzon Landeta irakaslea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun