Pasa den astean Artzentalesen jaso zuten Bizkaian topatu den arraza garbiko basakatu bakarra. Katuak, narriadura orokorrez gainera, gorputz-atal baten haustura bat du, antza, zepo batek eragin diona. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak Gorlizen duen Fauna Basatia Sendatzeko Zentrora eraman zuten. Partikular batek ohartarazi zuen Artzentalesen animalia bat zegoela –udalerri horretara itzuliko dute sendatzen denean–. Ordutik, ondo suspertzen ari da, lesio larriena sendatzeko ebakuntzaren zain dagoen bitartean. Dirudienez, zepo batek eragin dio lesio hori. Arraza garbiko basakatuaren ale hau FBSZra heltzearekin batera, Aldundiko Nekazaritza Saileko teknikariek baieztatu dute espezie katalogatu hau gure artean dagoela. Orain arte, zentroak basakatuaren beste ale batzuei lagundu izan die, baina aleok ez dira arraza garbikoak izan, “basatuak” izenekoak baizik, hau da, etxe-katuekin edo erdi-basatiekin gurutzatuak. Argazkian, basakatua, Gorlizen / © Bizkaiko Foru Aldundia.