2013ko lan egutegiak 14 jai ekarriko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 31a, 20:50

Bihar abiatuko den urte berrirako lan egutegi ofizialak dagoeneko finkatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Gauzak horrela, 14 jai dira erakunde horrek agindutakoak, 13 komunak eta beste bat udalerrika. Lenehengoa, bihar bertan, urtarrilak 1, ospatuko da, urteberria dela eta. Ohiko festa den Erregeen Eguna, urtarrilak 6, ez da jaia izango, igandean eroriko delako. Hortaz, jai eguna nahi duten langileek martxora arte itxaron beharko dute, ostegun eta ostiral santuez, martxoak 28 eta 29, baliatzeko. Handik egun batzuetara, Pazko astelehena, apirilak 1, ere jai izango dute beharginek. 30 egun beranduago helduko da langileen aldarrikapenez jositako Maiatzaren Lehena. Maiatzean beste jai bat izango da, baina soilik Erandioko Udalean lan egiten dutenentzat. Horiek Gorpuzti Eguna, maiatzak 30, libre izango dute. Ekainean ere, udal festak baino ez dira izango egutegian. 24an, San Juan ospatuko dute Barrikan eta Leioan eta 29an, San Pedro izango da jai Sopelan. Argazkian, aurten Erandioko San Agustin jaietan ez da festa egunik izango / © Erandioko jai batzordea.

Uztailari dagokionez, 22an Madalenak izango dira Plentzian; 25ean Santiago Egunak jai emango die uribekostar guztiei; eta hurrengo egunean Santa Ana ospatuko dute Berangon; 31n, ordea, San Inazio ospatuko da eskualde osoan. Abuztuan, Gorlizek izango du bere zaindariaren jaiak, 5ean, Agirreko eta Edurneko Andra Maria Egunean. 15ean, ordea, guztiek izango dute Ama Birjinaren Jasokundearen festa. Irailean, Urdulizek eta Getxok izango dituzte tokiko jaiak, 9an eta 24an, hurrenez hurren. Urrian, eztabaidatsuak diren bi festa hartuko ditu eskualde osoak. Alde batetik, 12an, Espainiako Festa Nazionala da, Foru Aldundiak onartu bezala. Bestalde, PSE-EEren Gobernuak utzitakoa da 25ean Euskadiko Eguna ospatzea. Bestalde, Lemoizek 17an hartuko du jaia. Azaroak lan egitera ez joateko aitzakia bakarra emango du: Domu Santu Eguna hilaren 1ean. Abenduan, azkenik, Gabon Eguna, hilak 25, festa orokorra izango da. Bestalde, 6an baliteke hainbat lekutan lan egitea, Espainiako Konstituzio Eguna gorde beharrean.

2013ko lan egutegi ofiziala

• Urtarrilak 1, Urteberria (eskualde osoan).
• Martxoak 28, Ostegun Santua (eskualde osoan).
• Martxoak 29, Ostiral Santua (eskualde osoan).
• Apirilak 1, Pazko astelehena (eskualde osoan).
• Maiatzak 1, Maiatzaren Lehena (eskualde osoan).
• Maiatzak 30, Gorpuzti Eguna (Erandion).
• Ekainak 24, San Juan (Barrikan eta Leioan).
• Ekainak 29, San Pedro (Sopelan).
• Uztailak 22, Madalenak (Plentzian).
• Uztailak 25, Santiago Eguna (eskualde osoan).
• Uztailak 26, Santa Ana (Berangon).
• Uztailak 31, San Inazio (eskualde osoan).
• Abuztuak 5, Agirreko eta Edurneko Andra Maria (Gorlizen).
• Abuztuak 15, Ama Birjinaren Jasokundea (eskualde osoan).
• Irailak 9, Andra Mari (Urdulizen).
• Irailak 24, Mesedeetako Ama (Getxon).
• Urriak 12, Espainiako Festa Nazionala (eskualde osoan).
• Urriak 17, tokiko jaia (Lemoizen).
• Urriak 25, Euskadiren Eguna (eskualde osoan).
• Azaroak 1, Domu Santu Eguna (eskualde osoan).
• Abenduak 6, Espainiako Konstituzioaren Eguna, (eskualde osoan).
• Abenduak 25, Gabon Eguna, (eskualde osoan).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun